Author Archive

Home / Author's Article(s) / danbaka

Publikoaren botoekin borobildu dute lehiakideen zerrenda. Lehia estua izan da eta punk-rock estiloa ikur duen Arrasateko 112 taldea izan da boto gehien eskuratu duena: 205. Segidan izan dira Bergara eta Antzuolako kideak dituen Golden Blend punk-rock taldea, 200 botorekin, eta hirugarren bozkatuena, Aretxabaletako Eten talde rockzalea, 168 botorekin.

Urriaren 14an hasi eta urtarrilaren 13ra bitartean Seminarixoko aretoan jokatuko den bosgarren Danbaka lehiaketan parte hartuko duten askotariko musika estiloetako hogei taldeen zerrenda osatuta dago; emanaldi guztiak 21:30ean izango dira.

Debagoieneko musika harrobiaren erakusleiho izango den Dan- baka musika lehiaketaren bosgarren aldia abiatzeko astebete besterik ez da falta. Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesletzarekin eta Sein enpresaren laguntzarekin.

Emanaldi guztiak 21:30ean hasiko dira, eta sarrerak kontzertuaren egunean Seminarixoko leihatilan eskuratu ahalko dira, lau eurotan –Goienakideek doan izango dute, baina Goiena app-etik txartela erakutsi beharko dute sarreran; eta Goiena app-a jaitsi eta alta emanda du- tenak, berriz, bi eurotan–. Sarreren aurretiko salmentarik ez da izango.

Epaimahaiak aukeratutakoak

Bost kontzertutan banatuta, guztira, hogei proiektu izango dira agertokian lehian –lau talde emanaldi bakoitzeko–. Julen Narbaizak, Kristina Markinak, Aitor Aldanondok, Iñigo Ugartek eta Nerea Loron La Furia-k osatzen duten epaimahaiak hemeretzi aukeratu zituen: Oñatiko Broken Legacy, Letagin, Sukena, Inguma eta Aiert; Arrasateko Sindy Berbenas, Etxepe eta Bergarako eta Arrasateko kideak dituen Erromintxelak; Bergarako Arragoa, Islabat, Eyharts, Orhi, Ktarsia eta Antzuolako kideak ere badituen Lemak; Antzuolako Kiimak; Eskoriatzako eta Aretxabaletako kideak batzen dituen Jasan; Aramaioko The Clayton; Aramaioko, Eskoriatzako eta Atxondoko musi- kariekin osatutako Balarrasa eta Aretxabaletako eta Otxandioko kideak dituen Iluminaztizz.

Aurkeztutako 31 musika-proiektuetatik aukeraketa egitea ez dela lan erraza izan dio epaimahaikide taldeko kide Iñigo Ugarte musikariak: “Orokorrean, eskualdeko musikagintzan aberastasun eta kalitate handia dagoela ikusi dugu. Batzuk aurretik ezagutzen nituen eta ibilbide luzea duten proiektu sendo asko daudela berretsi dut, baina kuriositate handia nuen proiektu txikiago edo berriagoekin; hau da, gaur egun nahiko ohikoak diren etxeko estudio txikietan zer sortzen ari den ikusteko, eta horien artean ere oso gauza interesgarriak aurkitu ditugu, zabaltzen genuen karpeta bakoitzeko sorpresa politekin egin dugu-eta topo. Zaila izan da aukeraketa eta pena handiz utzi behar izan ditugu hainbat proiektu kanpoan, eta, kide bakoitzak bere aukeraketa egin badu ere, aukeratutako hemeretzi horietan epaimahaikide guztiok nahiko irizpide antzerakoa edo bateragarria izan dugu. Aukeratu barik geratu direnei esan nahiko genieke aurkezteagatik bakarrik denek merezi dutela zuzenean jotzera iristea; hala ere, espero dugu baliagarria izatea aurrerantzean zuzenekoak lotzeko eta hurrengo edizioan parte hartzeko gogoa pizteko. Eskerrak eman gura dizkiegu, bada, parte hartu duten guztiei”.

 

 Lehenengoa, urriaren 14an

Datorren egubakoitzean 21:30ean hasiko da Seminarixoko agertokian lehiaketa. Lau talde izango dira taularen gainean: Bergarako eta Antzuolako Lemak taldeak pop-rock doinuak eskainiko ditu; Antzuolako Kiimak taldeak ere bide antzerakotik eskainiko du bere kantu zerrenda; punk eta rock-and-roll doinuekin bustitako kantuak erakutsiko ditu Aramaioko The Clayton taldeak; eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikariek osatutako Jasan taldeak borobilduko du lehen emanaldiko laukotea, metal eta rock gogor estilo doinuak eroanda.

Hurrengo lau saioetan ere agerian geratuko den moduan, ezaugarri eta estilo askotariko taldeak izango dira agertoki gainean emanaldi bakoitzean; lehenengo emanaldiko eskaintza da horren erakusle. “Gustura entzun ditut aurkeztutako taldeen kantu guztiak, eta gogotsu nago orain musikariek taularen gainean eskaintzeko dutena ikusteko”, dio Iñigo Ugartek.

“Sinistuta gaude Danbaka plaza ederra izango dela eskualdeko musikarien uzta berria behar den moduan loratzeko. Ordu erdiko hogei emanaldi ditugu aurretik, gozatu eta gozarazteko, eta, horregatik, musikazaleei edo musikarekiko jakin-mina duzuen guztioi Seminarixora etortzeko gonbidapena egin gura dizuegu, seguru gaude-eta hogei horien artean izango dela gustuko izango duzuen proposamen bat baino gehiago”, dio Danbakako koordinatzaile den Jokin Bereziartuak.

Telebistan ere ikusgai

Goienako hedabidetan jarraipen zabala egingo zaio Danbakari. Kontzertuak osorik eskainiko dira.

 

Chill out gunea kanpoan

Seminarixoa aretoan, barruan, izango dira Danbaka lehiaketako kontzertuak, baina kanpoaldean ere, arkupeetan, izango da non gozatu; izan ere, chill out gunea izango da han, 20:00etan hasita, kontzertuak izango diren egun guztietan.

Zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera gehiago emango du gune horrek; lehiaketako lehen taldearen emanaldiaren aurretik giroa berotzeko asmoz, beste musika proposamen batzuk izango dira gozagarri. Emanaldi horiek doan izango dira.

Zuzeneko musikaz gainera, jatekoak eta edatekoak ere izango dira, Elorregin izaten den Sanprubusa San Martin plazaraino joango da eta. Areto kanpoaz gainera, barruan ere beste barra txiki bat jarriko dute.

Epaimahaiak hemeretzi talde aukeratu ditu, zuzenean lehiaketan arituko direnak; hogeiko zerrenda osatuko duena, berriz, publikoak aukeratu beharko du boto bidez. Gaurtik hasita botoa eman daiteke Danbakaren webgunean.

Hamabi urteren ostean, indartsu itzuli da Danbaka musika lehiaketa. 31 talde eta bakarlarik eman dute izena eta askotariko musika estiloetakoak entzun ahal izango dira Bergarako Seminarixoan. Ez da, ordea, denentzat lekua izango oholtza gainean. Epaimahaikide izango direnek dagoeneko aukeratu dituzte zuzenean lehiaketan parte hartuko dituzten hemeretzi taldeak, eta “lan oso zaila” izan dela azpimarratu dute.

Antolakuntzatik ere harridura izan da nagusi jasotako erantzunarekin. “Harritu egin gaituzte jasotako proposamen kopuruak eta horien kalitateak, eta horrek biderkatu egin du antolatzaileok aldez aurretik genuen gogoa bosgarren edizio honi begira”, dio Jokin Bereziartuak, Danbakako bozeramaileak. Lehiaketan parte hartuko duen azken taldea publikoak aukeratuko du boto bidez.

Epaimahai berria

Danbaka berritasunekin dator, nola ez, eta horietako bat epaimahaia osatuko duten kideak dira. Bost izango dira; Julen Narbaizak errepikatu egingo du eta lau aurpegi berri izango dira taldeen lanak baloratzeko eta epaitzeko: Kristina Markina eta Aitor Aldanondo bergararrak, Iñigo Ugarte oñatiarra eta Ca cantekoa den baina Arrasaten bizi den Nerea Loron La Furia, hain zuzen ere.

Danbakako datak

Parte hartzaile guztien zerrenda kaleratu ostean, honako hauek izango dira bosgarren edizioko datak: urritik abendura bitarteko bost ostiraletan izango dira kontzertuak, guztiak Bergarako Seminarixoan, 21:30ean hasita. Beraz, emanaldiak urriaren 14an, urriaren 26an, azaroaren 11n, azaroaren 25ean eta abenduaren 16an izango dira. Kontzertu bakoitzean lau taldek joko dute eta egutegia urriaren 10ean argitaratuko da  webgunean eta Goienako hedabideetan. Bost kontzertu horietatik, hiru onenak aukeratuko ditu epaimahaiak finalerako; hain zuzen, 2023ko urtarrilaren 13an izango da, Seminarixoan.

Antolatzaileak, ilusioz

Luzea izan da itxaronaldia, baina ilusioa da nagusi Danbakaren bueltan, Jokin Bereziartua Danbakako bozeramaileak dioenez: “Hamabi urte Danbaka barik egon ostean, bagenekien baldintzak bazeudela berriro ere ekimenari heltzeko, bazegoela Debagoienean uzta berri bat Danbaka moduko erakusleiho baten gustura parte hartuko zuena. Sinistuta gaude Danbaka plaza ederra izango dela musikarien uzta berria behar den moduan loratzeko. Ordu erdiko hogei emanaldi ditugu aurretik, gozatu eta gozarazteko. Seminarixoan espero zaituztegu!”.

Aurkeztu diren 31 taldeen zerrenda

Epaimahaiak aukeratutako taldeak

Aurkeztutako taldeen artean hauek dira epaimahaian izango
diren kideek lehiaketan zuzenean izateko aukeratu dituzten

hemeretzi taldeak:

 BROKEN LEGACY Oñati. Metal-corea.
 ETXEPE Arrasate. Musika urbanoa.
 ARRAGOA Bergara. Folka.
 SINDY BERBENAS Arrasate. Oi!
 LETAGIN Oñati. Rock-and-rolla.
 THE CLAYTON Aramaio. Punka eta rock-and-rolla.
 SUKENA Oñati. Euskal triki-popa.
 ISLABAT Bergara eta Elgoibar. Post-rocka.
 ILUMINATIZZ Aretxabaleta eta Otxandio. Punk-rocka eta rock-and-
roll esperimentala.

 LEMAK Bergara eta Antzuola. Pop-rocka.
 ERROMINTXELAK Arrasate eta Bergara. Swinga eta gipsy jazza.
 EYHARTS Bergara. Elektronika.
 ORHI Bergara. Pop-rocka.
 INGUMA Oñati. Oi! eta rock-and-rolla.
 KI.IMAK Antzuola. Pop-rocka.
 KTARSIA Bergara. Akustikoa.
 JASAN Aretxabaleta eta Eskoriatza. Metala eta rock gogorra.
 AIERT Oñati. Bakarlaria.
 BALARRASA Aramaio, Eskoriatza eta Atxondo. Metala eta rocka.

 

PUBLIKOAK AUKERATZEKO TALDEAK

Azken taldea aukeratzeko publikoak botoa eman beharko du www.
danbaka.eus
 webgunean, aukeratu gabe gelditu diren hamabi
taldeen artean:

 ETEN Aretxabaleta. Rocka.
 UNAI CANTABRANA Elgeta. Bakarlaria.
 KORDA ROTA Arrasate-Antzuola. Eskandinaviako kutsua duen
punk-rocka.

 TRIGGER Aretxabaleta. Musika esperimentala, txeloa oinarri.
 GOLDEN BLEND Bergara eta Antzuola. Punk-rocka.
 TRUMANS Arrasate, Oñati eta Bergara. Bluesa eta rocka.
 112 Arrasate. Punk-rocka.
 BANANA SHAKE Arrasate. Punka, rock-and-rolla eta ska.
 GOZZUE Oñati-Otxandio. Rocka.
• DBQ (DEBEKU)
 Bergara. Punka, metala eta rocka.
 LOW COST DELUXE Bergara eta Arrasate. Rock-and-rolla.
 EL EXTERMINIO DE LA RAZA DEL MONO Aramaio eta Arrasate.
Spiz-punka.

Zer dela-eta Danbaka berriro?

Bagenbiltzan azkeneko urteotan Danbaka berreskuratu guran. 2000ko hamarkadan egin ziren lau edizioetan oso ondo funtzionatu zuen eta oroitzapen oso onak geneuzkan. Esango nuke musikarien eta musikazaleen artean ere halaxe dela; baita Goienaren ikus-entzuleen eta irakurleen artean ere.

Ze helburu ditu Danbakak?

Nagusiki, musikariak, bakarlariak eta taldeak haizatzea, haien adierazpen artistikoari lekua eskaintzea eta oihartzuna ematea. Bestetik, bereziki gazteak, baina baita ez horren gazteak direnak, euskarazko hedabideetara gerturatzea. Eta, azkenik, hau guztia, elkarlanean, komunitatearekin batera egitea.

Oraingoan, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

Bai. Aurreko Danbakako lau edizioak Elgetan egin genituen, Espaloia Kafe Antzokian. Orduan ere elkarlanean, Elgetako Goienako Kultur Elkartearekin. Luxua izan zen hura. Oraingoan, Bergarako Udalaren laguntzarekin egingo dugu. Azpimarratu nahi dut Bergarako Udalak erraztasun guztiak jarri dizkigula Seminarixoko baliabideak eskura utziz.

Izan ere, Bergarako Seminarixoa aretoan antolatuko dituzue zuzeneko emanaldiak, ezta?

Bai, hala da, eta bertako teknikarien lantaldearen laguntza izango dugu. Alde horretatik, oso pozik gaude. Berme osoarekin egingo direlako kontzertuak. Bergaran egitearen arrazoietako bat izan da Seminarixoa. Danbaka moduko lehiaketa bat antolatzeko agertoki ezin hobea da. Baldintza guztiak eskaintzen ditu. Harmailak erretiratuko ditugu kontzertu egunetan.

Tabernarik ez da izango, ordea…

Bueno, bagabiltza horri soluzioren bat aurkitzeko lanean. Kontzertu egunetan jarri eta kentzeko taberna txiki bat jartzeko aukerak aztertzen… Bestetik, nahiko genuke kanpoko aldean, San Martin plazan, Errege Seminarioaren eraikinaren arkupeetatik gertu, gune bat sortu, taldeen emanalditik emanaldirako tarteetan jendeak izan dezan non hartu trago bat lagun artean, disko-jartzaileekin, chill out estiloko gune bat…

Aurreko edizioetako eskemak erabiliko dituzue?

Bai, Danbaka, funtsean, aurreko edizioen oso antzekoa izango da, gaur egungo errealitatera ekarrita. Nahiko genituzke launa taldeko bost kontzertu antolatu; hortaz, hogei taldek hartuko lukete parte lehiaketan. Eta, horren ostean, beste kontzertu bat, finala, hiru talde onenekin eta talde gonbidatu batekin.

Noiz izango dira kontzertuak?

Urrian hasi eta Gabonak bitartean, bost ostiraletan: urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16. Finala, ostera, urtarrilaren 13an.

Izen-ematea zabalik da dagoeneko?

Bai. Irailaren 18ra arte eman daiteke izena www.danbaka.eus webgunean. Izen-matea doan da. Baldintza bakarra da Debagoienean erroldatuta egotea parte hartzailea –bakarlaria bada– edo kideetako bat, gutxienez –taldea bada–. Oinarri guztiak webgunean bertan daude. Aurkezten diren taldeen artetik 19 aukeratuko ditu epai-mahaiak eta azkena publikoak. Irail amaieran irekiko dugu www.danbaka.eus webgunearen bitartez, azken talde hori aukeratzeko bidea.

Aurreko Danbaka lehiaketan parte hartu zuten taldeek ere har dezakete parte bosgarren edizio honetan?

Bai, bai, alde horretatik ez dago mugarik. Horrez gain, berdin du aurrez diskoa grabatuta izan edo ez.

Kontzertu guztiak osorik grabatuko dituzue?

Bai. 30 minutuko kontzertua prestatu beharko dute parte hartzaileek. Eta osorik jasoko ditugu, ostean Goiena telebistan eta Goiena.eus-en emateko. Bestalde, kontzertuen kronikak eta aurrekoak argitaratuko ditugu Goienako hedabideetan eta saio bereziak ere sortuko ditugu lehiaketari oihartzun ahalik eta handiena emateko. Uste dut publikoarendako ez ezik, taldeendako ere ona dela Danbaka, zuzeneko kontzertuak kalitatezko baldintzetan emateko aukera sortzeaz gain, edukia haizatu eta taldea ezagutzera emateko plataforma bikaina ere badelako.

Ze sari jasoko du talde irabazleak?

Bi sari banatuko dira. Sari Nagusia: disko bat estudioan grabatzea; Publikoaren Saria: bideoklipa.

Bosgarren aldia izango da oraingoa. Bergarako Seminarixoa aretoan egingo da. Bost kontzertu izango dira, urritik abendura, eta finala, urtarrilean. Debagoieneko musika taldeek hartu ahal izango dute parte. Izen ematea zabalik da. Goiena Komunikazio Taldeak antolatuko du, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

 

Gaur aurkeztu da Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketa, Bergarako Seminarixoa aretoan. 12 urteko etenaren ostean, berriro antolatuko dute. Bergarako Udala izango du bidelagun Goiena Komunikazio Taldeak.

 

20 talde

Debagoieneko hogei taldek hartu ahalko dute parte lehiaketan. Hemeretzi talde Danbakako epaimahaiak aukeratuko ditu; azkena, publikoak, haien botoen bidez. Zuzeneko emanaldietan erakutsi beharko dituzte musikariek dohainak. Hala, bost kontzertu antolatuko dira, urriaren 14tik abenduaren 16ra, ostiralez, 22:00etan hasita, Bergarako Seminarixoan. Edozein eratako musika estiloak onartuko dira. Sari nagusia izango da diskoa grabatzea. Publikoaren Saria ere egongo da: abesti baten bideoklipa.

Izen ematea zabalik dago. Irailaren 18ra arte eman ahalko dute izena Debagoieneko musikariek. Edozein estilotako bakarlariak eta taldeak onartuko dira. Baldintza izango da parte-hartzaileetako bat –gutxienez– Debagoienean erroldatuta egotea.

Izena emateko modua izango da www.danbaka.eus webgunearen bitartez. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bosgarren edizioa

Bergarako Seminarixoa aretoan aurkeztu dute lehiaketa. Kristina Markina eta Ekaitz Aranberri Bergarako Udal Gobernuko zinegotziak eta Monika Belastegi eta Jokin Bereziartua Goiena Komunikazio Taldeko ordezkariak izan dira bertan. 

Lehiaketa berriro antolatzeko arrazoiak azaldu dituzte, lehenbizi; ostean, helburuak, oinarriak, sariak, parte hartzeko moduak, kontzertuak… 

 

Bost kontzertu: urritik abendura

Bost kontzertu antolatuko dira lehiaketan zehar eta talde edo bakarlari bakoitzak 30 minutuko saioa egin beharko du zuzenean, Seminarixoko agertokian. Honako hauek izango dira kontzertu egunak: urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16. Bost kontzertu horietatik hiru onenak aukeratuko ditu epaimahaiak eta finala jokatuko dute 2023ko urtarrilaren 13an. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira. Sarrerak 5 eurotan salduko dira –Goienakide direnendako, 3 euro–.

Bi sari banatuko dira. Lehen Saria: disko bat grabatzea. Publikoaren Saria: Bideoklipa. 

 

Jarraipen zabala

Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen uneoroko eta zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria, Puntua aldizkaria eta Arrasate Irratia. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak, oso-osorik, grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen: danbaka. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus

 

Izen ematea

www.danbaka.eus webgunean egongo da lehiaketari buruzko informazio osoa. Hain justu ere, izen ematea webgunearen bidez egin beharko da. Izena ematerakoan, parte-hartzaileek honako hau eman beharko dute: taldearen edo bakarlariaren izena eta informazioa –noiz sortutakoa den, kideen izen-abizenak, estiloa, ibilbidea…–, eta hiru abestiren audio digitala, horietako bat originala izan beharko da. Parte-hartzea doakoa izango da. 

Behin lehiaketan parte hartuko duten hogei taldeak aukeratuta, egutegia zehaztuko dute eta parte hartzaile bakoitzak 30 minutuko emanaldia egingo du zuzenean. Gutxienez, bi abestik euskaraz izan beharko dute. Eta epaimahaiak baloratu egingo du euskaraz abestea. 

Seminarixoa aretoa izango da kontzertuen tokia. Horretarako, harmailak kendu egingo dituzte. Bestalde, areto kanpoaldean gune berezia sortuko da, jan-edatekoekin eta musikarekin –DJak izango dira–, emanalditik emanaldirako atsedenaldiak girotzeko.