Archive for the
‘Albistea’ Category

Aramaioko The Clayton boskoteak irabazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko kKultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak babestutako diskoa grabatzeko saria.

Kostata hartutako erabakiaren ondoren, Aramaioko taldeari eman zioten epaimahaikideek sari nagusia; Goiena Taldeko presidente Monika Belastegik eman zien oroigarria. Hemen Debagoiena saioan izan ziren astelehenean hiru sarien irabazleak; horien artean, Jokin Larrañaga, The Clayton-eko abeslaria.

Azkeneko jotzea egokitu zitzaizuen; zer moduz joan zen?

Danbakan kamerari lanetan ibili naiz; hortaz, eguna luze joan zen: goizean muntaia, soinu-probak arratsaldean… eta finalean Aierten kontzertua grabatzen ibili nintzen. Ohituta gaude kontzertuak egiten; batzuetan, lehenengo; beste batzuetan, itxarotea tokatzen zaigu, eta hala izan zen egubakoitzean, baina arazo barik!

Ohikoa duzuen ganberro estiloarekin igo zineten oholtzara, baina zer gertatu zen hasierako minutuetan?

Batzuetan gertatzen den moduan, hotz samar hasi ginen, baina makina berotutakoan ondo joan zen dena.

Nola berotu, gainera; eta, lehenengo momentutik, lehen lerroan zaleak zuen kantuak gogoz abesten.

Asko igartzen eta eskertzen da ikusleen indarra, eta, halako jarrera badute, askoz ere gehiago. Badaude gure kontzertu askotara etortzen diren zaleak; bada, bide batez, aukera aprobetxatu gura dut haiei guztiei eskerrak emateko.

Bateriarekin arazo txiki bat egon zen eta segituan igo zen Letagin taldeko Iban Idigoras bateria-jolea konpontzera; zer gertatu zen?

Ez nintzen konturatu, baina publikoan aurpegi arraroak ikusi nituen eta atzera begiratu nuenerako Iban han zegoen. Arrunta izaten da gure bateria-joleak mikroak eta bestelakoak lurrera botatzea. Kontzertua bukatutakoan eskertu egin nion Idigorasi keinua.

Kantu berri bat aurkeztu zenuten, grabatuko duzuen bildumako ale bat izango dena.

Danbakan urriaren 14an izan zen gure azken kontzertua eta ordutik abestiak sortzen ibili gara. Finala prestatzeko denbora gutxi izan dugu, baina gure asmoa gutxienez kantu berri bat erakustea zen.

Telebistako pantailan taldea ikustea gustuko?

Telefonoarekin grabatutakoak dira orain arte genituenak eta taldean komentatu izan dugu sari inportantea izan dela guretzako zuzeneko kalitate handiko bi grabazio eskuratzea.

Ikusgarriak Pello Arriolabengoa gitarra-jolearen punteatzeak gitarra bizkarrera eramanda; sarritan egiten ditu halakoak?

Lokaleko sabaia oso gertu du eta horregatik ez du hori entseatzen, baina kontzertu baten hasi zen halakoak egiten, eta, gustatu egin zitzaionez, jarraitu egiten du, eta ikusgarria da, bai, ikusteko.

Orokorrean, gustura ari zinetela argi ikusi zen.

Bai, horixe; gu beti gustura. Gozatu egiten dugu musika egiten. Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela! Urduri samar geunden hasieran, baina dena deskargatu genuen oholtzaren gainean. Espeziala izan zen, bai.

“Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela!”

Asko entseatu zenuten finala prestatzeko?

Ez pentsa! Urriaren 14an, lehen emanaldian jo genuen guk eta harrezkero kantu berriak sortzeko lanetan ibili gara, bereziki. Abenduaren 23an argitaratu zen finalisten zerrenda; bada, finaleko eguna iritsi bitartean bostok elkartzeko izan dugun denbora hori eskaini diegu finalerako prestakuntzei.

Epaimahaikideek irabazlea erabaki bitartean zelan bizi izan zenuten une hura?

Kontzertu osoa barne, tentsio-une handiena izan zen hori. Saria jasotzera igo ginenean lasaiago nengoen, eta, duda barik, talde-kide guztiak oso pozik.

Danbakaren balorazio borobila egin dute antolatzaileek, sekulako erakusleihoa izan dela goraipatuta. Balioa ematen diozu zuk ere egon den aniztasunari?

Duda barik. Danbaka osoan zehar izan naiz lanean kamerarekin, eta, horregatik, musikari guztiak ezagutzeko aukera izan dut eta oso interesgarria izan da hori. Bestetik, The Claytoneko talde-kide moduan parte hartzea ere esperientzia oso polita izan da niretzako.

“Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa; dagoeneko ari gara kantuak sortzen”

Hasita zaudete disko berria prestatzen; ze asmo duzue?

Ari gara bai kantu berriak sortzen, baina bost pertsona buru-gogor gara gauza bat lortu guran ari garenak lanean. Abesti baten lehen egituratik kantua bukatzen dugun arte denbora bat pasatzen da. Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa eta ordura arte gogoz egingo dugun lan. Oso eskertuta gaude sari nagusia eskuratu dugulako; bilduma berria kaleratzeko bultzada handia izango da.

Oñatiko Aiert Alberdi bakarlariak eskuratu du Bergarako Udalak babestu duen Publikoaren Saria; bideoklipa grabatzeko aukera izango du, botoen %15,82 jasota.

Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinaren eskutik jaso zuen oñatiarrak Publikoaren Saria Seminarixoan.

Taularen gainera igotzen lehenengoa izan zinen; aldeko edo kontrako izan zen hori?

Aurreikusten nuen hala izango zela, eta, egia esan, alde batetik, badago publiko hotza topatzeko beldurra, baina uste dut zuen lana dela giroa gozatzea eta esango nuke lortu genuela.

Urduri eta ate batekin arduratuta igo zinen oholtzara; zer gertatu zitzaizun?

Sorpresa txiki bat nuen gordeta; hain zuzen, kantu bat elkarrekin jotzeko nire anaia Erlantz igo behar zen. Bada, hura sartzeko atea itxi egin zen eta ardura puntu bat nuen horrekin, ea sartzerik izango zuen; bestela, nahiko lasai sentitzen nintzen. Nola joan zen kontzertua? Apustua egin nuen nire abestiekiko; hortaz, inoiz baino gehiago biluztu nintzen, baina oso gustura eta eroso sentitu nintzen, aldi berean. Nire bost kantu eta bost bertsio egin nituen. Oso azkar pasatu zitzaizkidan 45 minutuak.

Zure look-a komentatua izan da; bereziki prestatu zenuen?

Ez, nire janzteko era da hori. Kontzerturako prestatu nuela pentsatu zuen jendeak, orokorrean, baina ez zen hala izan, hori da nire ohiko janzteko modua eta hala igo nintzen.

Oso polita izan zen Erlantz anaiarekin batera kantua eskaintzea; pozik anaia?

Bai, horixe; niretzako ere kontzertuko unerik onena izan zen. 11 urte ditu eta asko estimatzen dut egiten duen ahalegina. Modu naturalean etxean elkarrekin jo izan dugu, eta hark proposatuta igo zen Seminarixoko agertokira kaxoia jotzera.

Egin beharrekoa eginda lasaitua hartu zenuen gero?

Nire helburua gozatzea zen eta lortu nuen; hortaz, pozik jaitsi nintzen eszenatokitik, aurreko asteetan egindako lana islatu zen sentsazio onarekin.

Espero zenuen Publikoaren Saria?

Bozketak jarraitzen ibili naiz. Hasieran, bigarren nengoen; gero, lehenengo postura igo nintzen; eta aste batzuetan, goian izan naiz… baina Sukena taldearen botoekin oso antzera. Sekulako saria izan da niretzako; publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da. Asko eskertzen diet nire aldeko botoa eman duten guztiei, besarkada goxo baten modukoa izan da feedback hori. Era berean, oso eskertuta nago Danbakako antolakuntzarekin, emandako aukeragatik.

 “Publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da; eskerrik asko!

Hasi zara bideoklipean pentsatzen?

Saria irabazi nuenetik buruari bueltaka ari naiz, bai. Ekoiztu behar den abestiari bueltak ema- ten, abestia aukeratzen… Oraingoz, ez dugu grabatzeko datarik zehaztu. Bideoklipa argitaratzen dudanean, beste abesti bat argitaratzeko asmoa ere badut”.

Oñatiko Letagin laukoteak irabazi zuen Bergarako Ekinez jaialdiak babestutako Danbaka-Ekinez saria. Taldeko kide Julen Agirre izan zen Hemen Debagoiena saioan.

Ekinez Elkarteko Julen Iñarrak eman zion Oñatiko Letagin taldeari Danbaka-Ekinez saria; ekainean Bergaran egingo duten Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera izango dute.

Zer da Ekinez jaialdian jotzeko aukera izatea?

Hasteko, esperientzia berri bat, halako jaialdietan sekula jo barik gaude eta; toki txikiagoetan, gaztetxeetan eta auzoko eta herriko jaietan jo izan dugu; beraz, eskertzekoa da Ekinezen jotzeko aukera ematea; nolabait esanda, errekonozimendu txiki bat ere bada, aurrera egiteko indarra ematen dizuna.

Aukera ona da jaialdi handi batean parte hartzea, baina, aldi berean, konpromisoa ere bai, ezta?

Izena hartu duen jaialdia da, jo duten taldeengatik eta baita bertan batu zen jende mordoagatik ere. Guretzako aukera ona da han jotzea, jende gehiagok ezagutuko gaituelako horrela.

Lehiaketetan parte hartuak zarete?

Egia esan, ez, baina Danbakaren berri jakin genuenean ez genuen zalantzarik izan, nahiz eta berandu samar ibili ginen gero izena emateko orduan. Kontzertuaren egunean Seminarixora sartu ginenean harrituta geratu ginen tokiarekin eta aretoan zeuden kamera mordoarekin. Oso gustura geratu ginen urriaren 28an egin genuen kontzertuarekin. Oroimenerako, promoziorako edo dena delakorako gure kontzertu bat kamera onekin grabatuta geratu izana ere oso eskertzekoa da.

Entsegu-lokalean ordu asko sartu zenituzten kontzertua prestatzeko?

Egia esan, ez; betikoa, lokalera joan eta betiko moduan entseatu. Danbakan izena eman orduko bigarren laneko konposatze-lanekin ari ginen eta alde batera utzi behar izan genituen.

Saria ematerakoan, Ekinez jaialdiko kide Julen Iñarrak sekulako zuzenekoa duzuela esan zuen, eta hautagai aproposak zaretela Bergarako jaialdirako; zer diozue?

Eskerrik asko; hori besterik ez daukat esateko emandako aukeragatik. Ea, bada, ekainaren 9an edo 10ean izango den kontzertua nola joaten den.

Sariaz harago, zelako esperientzia izan da Danbaka zuendako?

Kontzertuetara, gehienetan, gustuko duzun musika mota horretako taldeak ikustera joaten zara eta Danbakak balio izan digu Debagoienean dauden askotariko musika formazioak eta estiloak ezagutzeko.

Finala 0

The Clayton, Aiert eta Arragoa izan ziren Danbaka Musika Lehiaketaren 5. edizioko finalistak. Hona hemen gau horretako kontzertuak eta sari banaketa.

Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioa bukatu da. Egubakoitzean, urtarrilaren 13an, jokatu zen finala Bergarako Seminarixoan, eta bertan izan ziren sarituak gonbidatu dituzte Hemen Debagoiena telebista saiora.

Jokin Larrañaga, The Clayton taldeko abeslaria; Aiert Alberdi bakarlaria; eta Julen Agirre, Letagin taldeko kidea, izan dira gonbidatuak. Hain justu, The Clayton-ek irabazi zuen lehiaketa; Alberdik, berriz, Publikoaren Saria lortu zuen, eta azkenik, Letagin taldearentzako izan da Ekinez-Goiena Saria.

Disko bat grabatzeko aukera izango dute beraz, aramaioarrek. Halaber, finalista izan den Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak jaso du Publikoaren Saria eta Letagin oñatiarrentzat izan da Ekinez-Goiena Saria.

Atzo gauean jokatu zuten Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioko final handia, Bergarako Seminarixoan, eta The Calyton taldearentzat izan zen sari nagusia. Izan ere, ohiko maila, talentua eta ikuskizuna eskaini zuten oholtza gainean eta sari nagusia eskuratu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Lankidetza, Gazteria eta Kirola sailak babesten duena eta Monika Belastegi Goiena Taldeko presidentearen eskutik jaso zutena. Horrenbestez, disko bat grabatzeko aukera izango dute aramaioarrek eta, aurreratu zutenez, kantu berriak lantzen ari dira dagoeneko. Horietako bat, gainera, atzoko emanaldian oholtzaratu zuten, publikoaren txalo zaparrada eraginez.

The Clayton taldea, zuzenean jotzen.

Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak, berriz, bideoklipa grabatzeko aukera izango du, Publikoaren Saria eskuratu ostean –Bergarako Udalak babestutakoa–. Aipatzekoa da 2.000 boto baino gehiago jaso direla eta oñatiarrak boto guztien %15,82 jaso dituela. Kristina Markina Bergarako Udaleko zinegotziak eman zion saria.

Aiert Alberdi, Publikoaren Sariarekin.

Atzoko finalean egoterik izan ez bazuten ere, Letaginentzat izan zen Ekinez-Goiena saria eta, beraz, oñatiarrek parte hartuko dute ekainaren 9an eta 10ean Bergaran bigarren urtez egingo duten Ekinez jaialdian. Julen Iñarra Ekinez Elkarteko kidearen eskutik jaso zuten saria.

Letagin taldeko kideak, Ekinez-Goiena sariarekin.

“Ezin hobe datorkigu saria”

The Clayton taldeko abeslari Jokin Larrañagak adierazi du “oso albiste pozgarria” dela sari nagusia irabazi izana. “Bigarren diskoarekin lanean gabiltza, eta ezin hobe datorkigu saria. Furgoneta erosi beharraz ari naiz beti taldekideekin eta uste dut gertuago daukagula furgoneta sari honi esker. Finala ederra izan da. Jende asko egon da eta publikoak une ederrak eskaini dizkigu. Danbaka sekulako aukera izan da. Hasieran ez genekien zer izango zen eta konturatu gara asko eman digula: zuzeneko bi, grabaturik, sustapen handia…”.

“Erabakia hartzea oso zaila izan da”

Iñigo Ugarte epaimahaiko kideak, berriz, nabarmendu du erabakia hartzea oso zaila izan dela. “Hiru talde, askotarikoak, eta epaimahaia anitza izatera, azken erabakia asko kostata hartu dugu. Zuzenekoak erabaki du. Oso zuzeneko ona eskaini dute irabazleek, hasieran kosta egin bazaie ere. Oso talde landua da, gitarren aldetik batez ere, jarrera bikaina duena agertokian”.

V. Danbaka Lehiaketaren epaimahaiko kideak.

“Balorazio borobila, hamarrekoa”

Azkenik, Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaileak aitortu du “gau ederra” izan zela atzokoa, eta dena ondo atera izana azpimarratu du: “Hiru talde oso ezberdinak, emanaldi bikainak. Aiertek ahots gozoa du; Arragoak, berriz, oso ondo prestatutako zuzenekoa eskaini du, folka oinarri. Eta, irabazleak, The Claytonek, rock and rolla, erraietatik. Balorazio borobila, hamarrekoa, finalari eta Danbakari dagokionez”.

Hiru finalista, gau borobila

Seminarixoa beteta zelarik, proposamen ezberdinak eskaini zituzten hiru finalistek, hasi pop melodia berezi eta sentikorrenetatik, pop-folkerantz eginez eta rock-and-roll doinuez amaituz.

Hiru finalistek ikur bana jaso zuten.

Irabazleei dagokienez, erritmoa hartzea apur bat kosta bazitzaien ere, ohikoa duten maila erakutsi zuten azkenerako, doinu itsaskorrak plazaratuz eta publikoaren erreakzio beroa eraginez. Goi mailako zuzenekoa dute aramaioarrek eta hori agerian utzi zuten atzokoan.

Arragoari dagokionez, folk doinuak oinarri hartuta, mundu bira bat proposatu zuten, Eskozia, Kuba, AEB edota Suediako doinuak oholtzaratuz, eta Euskal Herrian amaitu zuten. Gainera, publikoarekin batera borobildu zuten haien emanaldia, oholtzatik jaitsita. Edozelan ere, arazo teknikoak izan ziren Seminarixoko soinu-mahaian lehen kantuetan eta horrek izan zuen bere eragina gerora ere.

Aiert Alberdik, bere abesteko modu bereziarekin eta ahotsa modulatuz, marka propioa erakutsi zuen beste behin, eta Erlantz anaiaren laguntza ere izan zuen. Azken abestia, nola ez, amari eskainitakoa izan zen, eta horrek are gehiago azaleratu zituen emozioak.

Azkenik, DJ Gelak izan zuen Seminarixoko arkupea girotzeko ardura, finala hasi aurretik eta baita tarteko momentuetan ere eta, azken saioetan moduan, giroa bikaina izan da musikazaleen artean.

Finalistak eta sarituak.

Danbakaren itzulera

Debagoieneko hogei taldek hartu dute parte Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioan. 2010ean jokatu zen azkenekoz lehiaketa, eta berriro berreskuratu du Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Urritik abendura bitartean bost kontzertutan aritu dira Seminarixoko agertokian hogei taldeak. Bart izan da azken kontzertu berezia, finala.

V. Danbaka lehiaketak baditu irabazleak: The Clayton aramaiorrak.

Bariku iluntzean Bergarako Seminarixoa aretoa bete egin zen V. Danbaka lehiaketaren finala ikusteko. Hiru finalista ziren: The Clayton, Aiert eta Arragoa. Bada epaimahaiaren sari nagusia The Claytonek irabazi zuen; Aiert bakarlari oñatiarrak publikoaren saria eroan zuen; eta, Letaginek –finaletik kanpo geratutako taldea– Ekinez Goiena saria irabazi zuen.

Argazki galeria ikusteko sartu hemen.