Jokin Bereziartua: “Danbakak eskainiko die taldeei kontzertuak kalitatezko baliabideekin ematea eta oihartzuna”

Zer dela-eta Danbaka berriro?

Bagenbiltzan azkeneko urteotan Danbaka berreskuratu guran. 2000ko hamarkadan egin ziren lau edizioetan oso ondo funtzionatu zuen eta oroitzapen oso onak geneuzkan. Esango nuke musikarien eta musikazaleen artean ere halaxe dela; baita Goienaren ikus-entzuleen eta irakurleen artean ere.

Ze helburu ditu Danbakak?

Nagusiki, musikariak, bakarlariak eta taldeak haizatzea, haien adierazpen artistikoari lekua eskaintzea eta oihartzuna ematea. Bestetik, bereziki gazteak, baina baita ez horren gazteak direnak, euskarazko hedabideetara gerturatzea. Eta, azkenik, hau guztia, elkarlanean, komunitatearekin batera egitea.

Oraingoan, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

Bai. Aurreko Danbakako lau edizioak Elgetan egin genituen, Espaloia Kafe Antzokian. Orduan ere elkarlanean, Elgetako Goienako Kultur Elkartearekin. Luxua izan zen hura. Oraingoan, Bergarako Udalaren laguntzarekin egingo dugu. Azpimarratu nahi dut Bergarako Udalak erraztasun guztiak jarri dizkigula Seminarixoko baliabideak eskura utziz.

Izan ere, Bergarako Seminarixoa aretoan antolatuko dituzue zuzeneko emanaldiak, ezta?

Bai, hala da, eta bertako teknikarien lantaldearen laguntza izango dugu. Alde horretatik, oso pozik gaude. Berme osoarekin egingo direlako kontzertuak. Bergaran egitearen arrazoietako bat izan da Seminarixoa. Danbaka moduko lehiaketa bat antolatzeko agertoki ezin hobea da. Baldintza guztiak eskaintzen ditu. Harmailak erretiratuko ditugu kontzertu egunetan.

Tabernarik ez da izango, ordea…

Bueno, bagabiltza horri soluzioren bat aurkitzeko lanean. Kontzertu egunetan jarri eta kentzeko taberna txiki bat jartzeko aukerak aztertzen… Bestetik, nahiko genuke kanpoko aldean, San Martin plazan, Errege Seminarioaren eraikinaren arkupeetatik gertu, gune bat sortu, taldeen emanalditik emanaldirako tarteetan jendeak izan dezan non hartu trago bat lagun artean, disko-jartzaileekin, chill out estiloko gune bat…

Aurreko edizioetako eskemak erabiliko dituzue?

Bai, Danbaka, funtsean, aurreko edizioen oso antzekoa izango da, gaur egungo errealitatera ekarrita. Nahiko genituzke launa taldeko bost kontzertu antolatu; hortaz, hogei taldek hartuko lukete parte lehiaketan. Eta, horren ostean, beste kontzertu bat, finala, hiru talde onenekin eta talde gonbidatu batekin.

Noiz izango dira kontzertuak?

Urrian hasi eta Gabonak bitartean, bost ostiraletan: urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16. Finala, ostera, urtarrilaren 13an.

Izen-ematea zabalik da dagoeneko?

Bai. Irailaren 18ra arte eman daiteke izena www.danbaka.eus webgunean. Izen-matea doan da. Baldintza bakarra da Debagoienean erroldatuta egotea parte hartzailea –bakarlaria bada– edo kideetako bat, gutxienez –taldea bada–. Oinarri guztiak webgunean bertan daude. Aurkezten diren taldeen artetik 19 aukeratuko ditu epai-mahaiak eta azkena publikoak. Irail amaieran irekiko dugu www.danbaka.eus webgunearen bitartez, azken talde hori aukeratzeko bidea.

Aurreko Danbaka lehiaketan parte hartu zuten taldeek ere har dezakete parte bosgarren edizio honetan?

Bai, bai, alde horretatik ez dago mugarik. Horrez gain, berdin du aurrez diskoa grabatuta izan edo ez.

Kontzertu guztiak osorik grabatuko dituzue?

Bai. 30 minutuko kontzertua prestatu beharko dute parte hartzaileek. Eta osorik jasoko ditugu, ostean Goiena telebistan eta Goiena.eus-en emateko. Bestalde, kontzertuen kronikak eta aurrekoak argitaratuko ditugu Goienako hedabideetan eta saio bereziak ere sortuko ditugu lehiaketari oihartzun ahalik eta handiena emateko. Uste dut publikoarendako ez ezik, taldeendako ere ona dela Danbaka, zuzeneko kontzertuak kalitatezko baldintzetan emateko aukera sortzeaz gain, edukia haizatu eta taldea ezagutzera emateko plataforma bikaina ere badelako.

Ze sari jasoko du talde irabazleak?

Bi sari banatuko dira. Sari Nagusia: disko bat estudioan grabatzea; Publikoaren Saria: bideoklipa.