Author Archive

Home / Author's Article(s) / danbaka

Danbaka urtea izango da 2024a ere, bueltan dator-eta Debagoieneko Musika Lehiaketa. Seigarren aldia izango da aurtengoa, eta Bergarako Seminarixoa aretoan egingo da. Lau kontzertu izango dira, urritik abendura, eta final handia, urtarrilean. Debagoieneko musika taldeek hartu ahal izango dute parte. Izena emateko aukera zabalik dago. Goiena Komunikazio Taldeak antolatuko du aurten ere, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

2024-07-17, Bergara

Gaur aurkeztu da Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketa, Bergarako Seminarixoa aretoan. 2022ko edizioak utzi zuen zapore eta oroitzapen gozoaren ostean, aurten ere antolatzea erabaki dute. Debagoieneko taldeei dago zuzenduta eta, edizio guztietan bezala, denetariko estilo eta formatuak izango dira ondoetorriak. Gainera, ez zaie aterik itxiko 2022an parte hartu zutenei.

Lau gau, eta urtarrilean final handia

Debagoieneko hamasei taldek hartu ahalko dute parte lehiaketan. Hamabost talde Danbakako epaimahaiak aukeratuko ditu; azkena, publikoak, boto bidez. Zuzeneko emanaldiak izango dira epaimahaiak baloratu beharrekoak. Hala, seigarren edizio honetan lau kontzertu izango dira, urriaren 25etik abenduaren 13ra. Final handia urtarrilaren 17an jokatuko da. Aurten ere, beraz, kontzertu guztiak ostiraletan, 21:30ean hasita, Bergarako Seminarixoan. Edozein eratako musika estiloak onartuko dira.

Izen-ematea zabalik dago irailaren 22ra arte

Izen ematea zabalik dago. Irailaren 22ra arte eman ahalko dute izena Debagoieneko musikariek. Edozein estilotako bakarlariak eta taldeak onartuko dira. Baldintzetako bat izango da parte-hartzaileetako bat –gutxienez– Debagoienean erroldatuta egotea.

Aurten ere hiru sari egongo dira

Aurten ere hiru sari emango ditu Danbakak. Disko bat grabatzea, bideoklip bat grabatzea eta Ekinez jaialdian jotzeko aukera. Sari Nagusia izango da diskoa grabatzea; Publikoaren Saria, bideoklip bat; eta Danbaka-Ekinez saria, azkenik, 2025ean Bergaran egingo den Ekinez jaialdian jotzeko aukera.

Oinarriak eta gainerako zalantzak

Danbakaren gaineko informazio guztia, danbaka.eus-en.

Gorka Artola, Bergarako alkatea:

“Danbaka erakusleiho bikaina da Debagoieneko taldeentzat”

“Plazer handia da hainbeste denboraz geldirik egon izan den ekimen honi berriz ere jarraikortasuna ematea. Izan ere, 12 urtetan ospatu barik egon ostean, duela pare bat urte Bergarako Udaletik talde hasiberrien aldeko apustua egitea erabaki genuen.

Ziurrenik, hamabi urtetan asko aldatu da panorama musika munduan, baina argi dagoena da talde gazteek bultzadatxoa behar izaten dutela, eta, kasu honetan, gu ere prest gaude bultzada hori emateko.

Bergaran kultura musikala oso bizirik mantendu da hamarkadetan, eta hori, hein handi batean, gure herrian daukagun ibilbide kulturalarengatik izan da. Bergara herri bizia da, sekulako egitarau kultural oparoarekin, eta horrek harro sentiarazten gaitu.

Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta gure helburua, behintzat, bada egitasmoa honi jarraikortasuna ematea, eskualdeko eta, bereziki, Bergarako musika taldeentzat erakusleiho bihurtzeko. Ez dakigu Danbaka honetatik hurrengo Gorka Urbizu edo Izaro berria irtengo den, baina argi daukaguna da erakundeetatik aukerarik eskaini ezean hori lortzea zailagoa izango dela”.

Monika Belastegi, Goienako Komunikazio Taldeko presidentea:

“Danbaka, elkarlanean, komunitatearekin batera, antolatzen dugu”

“Pozik eta ilusioz beteta aurkezten dugu Danbakaren seigarren edizioa. Goienaren berezko helburuekin bat egiten du Danbaka Musika Lehiaketak. Alde batetik, Danbakarekin, gazteak erakarri nahi ditugu euskal hedabideetara; hain justu, Goienako hedabideetara. Eta bestetik, eskualdeko musikariei –bakarlari, bikote zein talde– aukera eskaini nahi diegu era askotako musika adierazpenak haizatuz.

Eta hori guztia, elkarlanean, komunitatearekin batera, hainbat kolaboratzailerekin. Hain zuzen, Bergarako Udalarekin eskutik goaz proiektu honetan; duela bi urte bezala, bosgarren edizioan; eta, nola ez, eskerrak eman nahi dizkiot Bergarako Udalari, egitasmoan sinistearren eta seigarren honetan berriz bidelagun izatearren.

Edizio oso arrakastatsua izan zen Seminarixoan egin genuen bosgarren hura, eta ziur gaude oraingo hau ere arrakastatsua izango dela”.

Jokin Bereziartua, Danbakako koordinatzailea:

“Denetariko estilo eta formatuak izango dira ongietorriak; jakin badakigu azken bi urteetan hainbat proiektu berri sortu direla gurean”

“Gezurra badirudi ere, pasatu dira bi urte azken Danbaka egin genuenetik. Esperientzia ederra izan zen, eta errepikatzera gatoz. Danbakaren 2004ko lehen ediziotik mantentzen dugu bailarako taldeentzat erakusleiho izateko bokazioa, eta sinistuta gaude egiteko horretan ekarpen handia egin dezakegula.

Honako hauek izango dira lau jaialdietarako datak: urriaren 25a, azaroaren 15a, azaroaren 29a eta abenduaren 13a. Eta gero, urtarrilaren 17an jokatuko da final handia. Gau bakoitzeko lau proposamen izango ditugu Seminarixoan, bederatzi eta erdietan hasita.

Eta ondo funtzionatzen duena bere horretan mantendu behar delako, Sanprubusa izango dugu San Martin plazan eta chill out gunea ere egongo da aurten. Areto barruan ere barra zerbitzua egongo da.

Eta esandakoa, denetariko estilo eta formatuak izango dira ongietorriak; jakin badakigu azken bi urteetan bakarrik hainbat proiektu berri sortu direla gurean.

Oinarriak eta gainerako xehetasun guztiak danbaka.eus atarian izango dituzue ikusgai.

Ez nuke gaurko prentsaurrekoa amaitu nahi iazko uztailean hil zen Xabier Labaien aipatu gabe. Danbakako edizio guztietan, 2004tik 2010era arteko lau edizioetan eta 2022koan soinu teknikari lanetan aritu zen. Beti itzalean, isil-isilik eta ezkutuan lanean, sekulako lana egiten zuen. Besarkada estu bat, Xabier, zauden lekuan zaudela.

Jokin Larrañaga, The Clayton taldeko abeslaria:

“Esperientzia aberasgarria bezain ezberdina izan zen guretzat; ez genuen lehiaketa moduan bizi izan, beste plaza bat ezagutzeko aukera moduan baizik”

“Danbaka esperientzia aberasgarri bezain ezberdina izan da guretzat. Eta ezberdina, diogu, zentzurik onenean. Bizi garen inguru honetan ez da batere normala lehiaketa batean parte hartu ahal izatea; eta azken edizioan beste talde batzuetako partaideekin komentatu izan genuen ez genuela lehiaketa moduan bizi. Esperientzia berri bat bezala bizi izan genuen, talde berriak eta beste plaza bat ezagutzeko aukera gisa. Eta horri gehitzen badiozu zuzeneko kontzertu bat bideoan ederto grabatuta eramateko aukera izaten dutela talde guztiek, ezin daiteke askoz gehiagorik eskatu.

Gainera, Danbakaren bidez Goienak erakutsi du bailarako musika-zaleak batzeko gaitasuna duela. Elkargune bat sortu zuen 2022ko Danbakak puntu zehatz batean bailara osoko musika-zaleak elkartzeko, euskaraz, eta musikaren bueltan. Aspaldi ikusi gabeko jendea elkartu, talde berriak ezagutu… Horrez gain, musika taldeendako erakusleiho ederra ere bada Danbaka”.

Aramaioko The Clayton boskoteak irabazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko kKultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak babestutako diskoa grabatzeko saria.

Kostata hartutako erabakiaren ondoren, Aramaioko taldeari eman zioten epaimahaikideek sari nagusia; Goiena Taldeko presidente Monika Belastegik eman zien oroigarria. Hemen Debagoiena saioan izan ziren astelehenean hiru sarien irabazleak; horien artean, Jokin Larrañaga, The Clayton-eko abeslaria.

Azkeneko jotzea egokitu zitzaizuen; zer moduz joan zen?

Danbakan kamerari lanetan ibili naiz; hortaz, eguna luze joan zen: goizean muntaia, soinu-probak arratsaldean… eta finalean Aierten kontzertua grabatzen ibili nintzen. Ohituta gaude kontzertuak egiten; batzuetan, lehenengo; beste batzuetan, itxarotea tokatzen zaigu, eta hala izan zen egubakoitzean, baina arazo barik!

Ohikoa duzuen ganberro estiloarekin igo zineten oholtzara, baina zer gertatu zen hasierako minutuetan?

Batzuetan gertatzen den moduan, hotz samar hasi ginen, baina makina berotutakoan ondo joan zen dena.

Nola berotu, gainera; eta, lehenengo momentutik, lehen lerroan zaleak zuen kantuak gogoz abesten.

Asko igartzen eta eskertzen da ikusleen indarra, eta, halako jarrera badute, askoz ere gehiago. Badaude gure kontzertu askotara etortzen diren zaleak; bada, bide batez, aukera aprobetxatu gura dut haiei guztiei eskerrak emateko.

Bateriarekin arazo txiki bat egon zen eta segituan igo zen Letagin taldeko Iban Idigoras bateria-jolea konpontzera; zer gertatu zen?

Ez nintzen konturatu, baina publikoan aurpegi arraroak ikusi nituen eta atzera begiratu nuenerako Iban han zegoen. Arrunta izaten da gure bateria-joleak mikroak eta bestelakoak lurrera botatzea. Kontzertua bukatutakoan eskertu egin nion Idigorasi keinua.

Kantu berri bat aurkeztu zenuten, grabatuko duzuen bildumako ale bat izango dena.

Danbakan urriaren 14an izan zen gure azken kontzertua eta ordutik abestiak sortzen ibili gara. Finala prestatzeko denbora gutxi izan dugu, baina gure asmoa gutxienez kantu berri bat erakustea zen.

Telebistako pantailan taldea ikustea gustuko?

Telefonoarekin grabatutakoak dira orain arte genituenak eta taldean komentatu izan dugu sari inportantea izan dela guretzako zuzeneko kalitate handiko bi grabazio eskuratzea.

Ikusgarriak Pello Arriolabengoa gitarra-jolearen punteatzeak gitarra bizkarrera eramanda; sarritan egiten ditu halakoak?

Lokaleko sabaia oso gertu du eta horregatik ez du hori entseatzen, baina kontzertu baten hasi zen halakoak egiten, eta, gustatu egin zitzaionez, jarraitu egiten du, eta ikusgarria da, bai, ikusteko.

Orokorrean, gustura ari zinetela argi ikusi zen.

Bai, horixe; gu beti gustura. Gozatu egiten dugu musika egiten. Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela! Urduri samar geunden hasieran, baina dena deskargatu genuen oholtzaren gainean. Espeziala izan zen, bai.

“Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela!”

Asko entseatu zenuten finala prestatzeko?

Ez pentsa! Urriaren 14an, lehen emanaldian jo genuen guk eta harrezkero kantu berriak sortzeko lanetan ibili gara, bereziki. Abenduaren 23an argitaratu zen finalisten zerrenda; bada, finaleko eguna iritsi bitartean bostok elkartzeko izan dugun denbora hori eskaini diegu finalerako prestakuntzei.

Epaimahaikideek irabazlea erabaki bitartean zelan bizi izan zenuten une hura?

Kontzertu osoa barne, tentsio-une handiena izan zen hori. Saria jasotzera igo ginenean lasaiago nengoen, eta, duda barik, talde-kide guztiak oso pozik.

Danbakaren balorazio borobila egin dute antolatzaileek, sekulako erakusleihoa izan dela goraipatuta. Balioa ematen diozu zuk ere egon den aniztasunari?

Duda barik. Danbaka osoan zehar izan naiz lanean kamerarekin, eta, horregatik, musikari guztiak ezagutzeko aukera izan dut eta oso interesgarria izan da hori. Bestetik, The Claytoneko talde-kide moduan parte hartzea ere esperientzia oso polita izan da niretzako.

“Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa; dagoeneko ari gara kantuak sortzen”

Hasita zaudete disko berria prestatzen; ze asmo duzue?

Ari gara bai kantu berriak sortzen, baina bost pertsona buru-gogor gara gauza bat lortu guran ari garenak lanean. Abesti baten lehen egituratik kantua bukatzen dugun arte denbora bat pasatzen da. Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa eta ordura arte gogoz egingo dugun lan. Oso eskertuta gaude sari nagusia eskuratu dugulako; bilduma berria kaleratzeko bultzada handia izango da.

Oñatiko Aiert Alberdi bakarlariak eskuratu du Bergarako Udalak babestu duen Publikoaren Saria; bideoklipa grabatzeko aukera izango du, botoen %15,82 jasota.

Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinaren eskutik jaso zuen oñatiarrak Publikoaren Saria Seminarixoan.

Taularen gainera igotzen lehenengoa izan zinen; aldeko edo kontrako izan zen hori?

Aurreikusten nuen hala izango zela, eta, egia esan, alde batetik, badago publiko hotza topatzeko beldurra, baina uste dut zuen lana dela giroa gozatzea eta esango nuke lortu genuela.

Urduri eta ate batekin arduratuta igo zinen oholtzara; zer gertatu zitzaizun?

Sorpresa txiki bat nuen gordeta; hain zuzen, kantu bat elkarrekin jotzeko nire anaia Erlantz igo behar zen. Bada, hura sartzeko atea itxi egin zen eta ardura puntu bat nuen horrekin, ea sartzerik izango zuen; bestela, nahiko lasai sentitzen nintzen. Nola joan zen kontzertua? Apustua egin nuen nire abestiekiko; hortaz, inoiz baino gehiago biluztu nintzen, baina oso gustura eta eroso sentitu nintzen, aldi berean. Nire bost kantu eta bost bertsio egin nituen. Oso azkar pasatu zitzaizkidan 45 minutuak.

Zure look-a komentatua izan da; bereziki prestatu zenuen?

Ez, nire janzteko era da hori. Kontzerturako prestatu nuela pentsatu zuen jendeak, orokorrean, baina ez zen hala izan, hori da nire ohiko janzteko modua eta hala igo nintzen.

Oso polita izan zen Erlantz anaiarekin batera kantua eskaintzea; pozik anaia?

Bai, horixe; niretzako ere kontzertuko unerik onena izan zen. 11 urte ditu eta asko estimatzen dut egiten duen ahalegina. Modu naturalean etxean elkarrekin jo izan dugu, eta hark proposatuta igo zen Seminarixoko agertokira kaxoia jotzera.

Egin beharrekoa eginda lasaitua hartu zenuen gero?

Nire helburua gozatzea zen eta lortu nuen; hortaz, pozik jaitsi nintzen eszenatokitik, aurreko asteetan egindako lana islatu zen sentsazio onarekin.

Espero zenuen Publikoaren Saria?

Bozketak jarraitzen ibili naiz. Hasieran, bigarren nengoen; gero, lehenengo postura igo nintzen; eta aste batzuetan, goian izan naiz… baina Sukena taldearen botoekin oso antzera. Sekulako saria izan da niretzako; publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da. Asko eskertzen diet nire aldeko botoa eman duten guztiei, besarkada goxo baten modukoa izan da feedback hori. Era berean, oso eskertuta nago Danbakako antolakuntzarekin, emandako aukeragatik.

 “Publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da; eskerrik asko!

Hasi zara bideoklipean pentsatzen?

Saria irabazi nuenetik buruari bueltaka ari naiz, bai. Ekoiztu behar den abestiari bueltak ema- ten, abestia aukeratzen… Oraingoz, ez dugu grabatzeko datarik zehaztu. Bideoklipa argitaratzen dudanean, beste abesti bat argitaratzeko asmoa ere badut”.

Oñatiko Letagin laukoteak irabazi zuen Bergarako Ekinez jaialdiak babestutako Danbaka-Ekinez saria. Taldeko kide Julen Agirre izan zen Hemen Debagoiena saioan.

Ekinez Elkarteko Julen Iñarrak eman zion Oñatiko Letagin taldeari Danbaka-Ekinez saria; ekainean Bergaran egingo duten Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera izango dute.

Zer da Ekinez jaialdian jotzeko aukera izatea?

Hasteko, esperientzia berri bat, halako jaialdietan sekula jo barik gaude eta; toki txikiagoetan, gaztetxeetan eta auzoko eta herriko jaietan jo izan dugu; beraz, eskertzekoa da Ekinezen jotzeko aukera ematea; nolabait esanda, errekonozimendu txiki bat ere bada, aurrera egiteko indarra ematen dizuna.

Aukera ona da jaialdi handi batean parte hartzea, baina, aldi berean, konpromisoa ere bai, ezta?

Izena hartu duen jaialdia da, jo duten taldeengatik eta baita bertan batu zen jende mordoagatik ere. Guretzako aukera ona da han jotzea, jende gehiagok ezagutuko gaituelako horrela.

Lehiaketetan parte hartuak zarete?

Egia esan, ez, baina Danbakaren berri jakin genuenean ez genuen zalantzarik izan, nahiz eta berandu samar ibili ginen gero izena emateko orduan. Kontzertuaren egunean Seminarixora sartu ginenean harrituta geratu ginen tokiarekin eta aretoan zeuden kamera mordoarekin. Oso gustura geratu ginen urriaren 28an egin genuen kontzertuarekin. Oroimenerako, promoziorako edo dena delakorako gure kontzertu bat kamera onekin grabatuta geratu izana ere oso eskertzekoa da.

Entsegu-lokalean ordu asko sartu zenituzten kontzertua prestatzeko?

Egia esan, ez; betikoa, lokalera joan eta betiko moduan entseatu. Danbakan izena eman orduko bigarren laneko konposatze-lanekin ari ginen eta alde batera utzi behar izan genituen.

Saria ematerakoan, Ekinez jaialdiko kide Julen Iñarrak sekulako zuzenekoa duzuela esan zuen, eta hautagai aproposak zaretela Bergarako jaialdirako; zer diozue?

Eskerrik asko; hori besterik ez daukat esateko emandako aukeragatik. Ea, bada, ekainaren 9an edo 10ean izango den kontzertua nola joaten den.

Sariaz harago, zelako esperientzia izan da Danbaka zuendako?

Kontzertuetara, gehienetan, gustuko duzun musika mota horretako taldeak ikustera joaten zara eta Danbakak balio izan digu Debagoienean dauden askotariko musika formazioak eta estiloak ezagutzeko.

Finala 0

The Clayton, Aiert eta Arragoa izan ziren Danbaka Musika Lehiaketaren 5. edizioko finalistak. Hona hemen gau horretako kontzertuak eta sari banaketa.

Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioa bukatu da. Egubakoitzean, urtarrilaren 13an, jokatu zen finala Bergarako Seminarixoan, eta bertan izan ziren sarituak gonbidatu dituzte Hemen Debagoiena telebista saiora.

Jokin Larrañaga, The Clayton taldeko abeslaria; Aiert Alberdi bakarlaria; eta Julen Agirre, Letagin taldeko kidea, izan dira gonbidatuak. Hain justu, The Clayton-ek irabazi zuen lehiaketa; Alberdik, berriz, Publikoaren Saria lortu zuen, eta azkenik, Letagin taldearentzako izan da Ekinez-Goiena Saria.

Disko bat grabatzeko aukera izango dute beraz, aramaioarrek. Halaber, finalista izan den Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak jaso du Publikoaren Saria eta Letagin oñatiarrentzat izan da Ekinez-Goiena Saria.

Atzo gauean jokatu zuten Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioko final handia, Bergarako Seminarixoan, eta The Calyton taldearentzat izan zen sari nagusia. Izan ere, ohiko maila, talentua eta ikuskizuna eskaini zuten oholtza gainean eta sari nagusia eskuratu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Lankidetza, Gazteria eta Kirola sailak babesten duena eta Monika Belastegi Goiena Taldeko presidentearen eskutik jaso zutena. Horrenbestez, disko bat grabatzeko aukera izango dute aramaioarrek eta, aurreratu zutenez, kantu berriak lantzen ari dira dagoeneko. Horietako bat, gainera, atzoko emanaldian oholtzaratu zuten, publikoaren txalo zaparrada eraginez.

The Clayton taldea, zuzenean jotzen.

Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak, berriz, bideoklipa grabatzeko aukera izango du, Publikoaren Saria eskuratu ostean –Bergarako Udalak babestutakoa–. Aipatzekoa da 2.000 boto baino gehiago jaso direla eta oñatiarrak boto guztien %15,82 jaso dituela. Kristina Markina Bergarako Udaleko zinegotziak eman zion saria.

Aiert Alberdi, Publikoaren Sariarekin.

Atzoko finalean egoterik izan ez bazuten ere, Letaginentzat izan zen Ekinez-Goiena saria eta, beraz, oñatiarrek parte hartuko dute ekainaren 9an eta 10ean Bergaran bigarren urtez egingo duten Ekinez jaialdian. Julen Iñarra Ekinez Elkarteko kidearen eskutik jaso zuten saria.

Letagin taldeko kideak, Ekinez-Goiena sariarekin.

“Ezin hobe datorkigu saria”

The Clayton taldeko abeslari Jokin Larrañagak adierazi du “oso albiste pozgarria” dela sari nagusia irabazi izana. “Bigarren diskoarekin lanean gabiltza, eta ezin hobe datorkigu saria. Furgoneta erosi beharraz ari naiz beti taldekideekin eta uste dut gertuago daukagula furgoneta sari honi esker. Finala ederra izan da. Jende asko egon da eta publikoak une ederrak eskaini dizkigu. Danbaka sekulako aukera izan da. Hasieran ez genekien zer izango zen eta konturatu gara asko eman digula: zuzeneko bi, grabaturik, sustapen handia…”.

“Erabakia hartzea oso zaila izan da”

Iñigo Ugarte epaimahaiko kideak, berriz, nabarmendu du erabakia hartzea oso zaila izan dela. “Hiru talde, askotarikoak, eta epaimahaia anitza izatera, azken erabakia asko kostata hartu dugu. Zuzenekoak erabaki du. Oso zuzeneko ona eskaini dute irabazleek, hasieran kosta egin bazaie ere. Oso talde landua da, gitarren aldetik batez ere, jarrera bikaina duena agertokian”.

V. Danbaka Lehiaketaren epaimahaiko kideak.

“Balorazio borobila, hamarrekoa”

Azkenik, Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaileak aitortu du “gau ederra” izan zela atzokoa, eta dena ondo atera izana azpimarratu du: “Hiru talde oso ezberdinak, emanaldi bikainak. Aiertek ahots gozoa du; Arragoak, berriz, oso ondo prestatutako zuzenekoa eskaini du, folka oinarri. Eta, irabazleak, The Claytonek, rock and rolla, erraietatik. Balorazio borobila, hamarrekoa, finalari eta Danbakari dagokionez”.

Hiru finalista, gau borobila

Seminarixoa beteta zelarik, proposamen ezberdinak eskaini zituzten hiru finalistek, hasi pop melodia berezi eta sentikorrenetatik, pop-folkerantz eginez eta rock-and-roll doinuez amaituz.

Hiru finalistek ikur bana jaso zuten.

Irabazleei dagokienez, erritmoa hartzea apur bat kosta bazitzaien ere, ohikoa duten maila erakutsi zuten azkenerako, doinu itsaskorrak plazaratuz eta publikoaren erreakzio beroa eraginez. Goi mailako zuzenekoa dute aramaioarrek eta hori agerian utzi zuten atzokoan.

Arragoari dagokionez, folk doinuak oinarri hartuta, mundu bira bat proposatu zuten, Eskozia, Kuba, AEB edota Suediako doinuak oholtzaratuz, eta Euskal Herrian amaitu zuten. Gainera, publikoarekin batera borobildu zuten haien emanaldia, oholtzatik jaitsita. Edozelan ere, arazo teknikoak izan ziren Seminarixoko soinu-mahaian lehen kantuetan eta horrek izan zuen bere eragina gerora ere.

Aiert Alberdik, bere abesteko modu bereziarekin eta ahotsa modulatuz, marka propioa erakutsi zuen beste behin, eta Erlantz anaiaren laguntza ere izan zuen. Azken abestia, nola ez, amari eskainitakoa izan zen, eta horrek are gehiago azaleratu zituen emozioak.

Azkenik, DJ Gelak izan zuen Seminarixoko arkupea girotzeko ardura, finala hasi aurretik eta baita tarteko momentuetan ere eta, azken saioetan moduan, giroa bikaina izan da musikazaleen artean.

Finalistak eta sarituak.

Danbakaren itzulera

Debagoieneko hogei taldek hartu dute parte Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioan. 2010ean jokatu zen azkenekoz lehiaketa, eta berriro berreskuratu du Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Urritik abendura bitartean bost kontzertutan aritu dira Seminarixoko agertokian hogei taldeak. Bart izan da azken kontzertu berezia, finala.

V. Danbaka lehiaketak baditu irabazleak: The Clayton aramaiorrak.

Bariku iluntzean Bergarako Seminarixoa aretoa bete egin zen V. Danbaka lehiaketaren finala ikusteko. Hiru finalista ziren: The Clayton, Aiert eta Arragoa. Bada epaimahaiaren sari nagusia The Claytonek irabazi zuen; Aiert bakarlari oñatiarrak publikoaren saria eroan zuen; eta, Letaginek –finaletik kanpo geratutako taldea– Ekinez Goiena saria irabazi zuen.

Argazki galeria ikusteko sartu hemen.