Jokin Larrañaga (The Clayton): “Kalitatezko bi grabazio jasotzea ere, sari handia”

Aramaioko The Clayton boskoteak irabazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko kKultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak babestutako diskoa grabatzeko saria.

Kostata hartutako erabakiaren ondoren, Aramaioko taldeari eman zioten epaimahaikideek sari nagusia; Goiena Taldeko presidente Monika Belastegik eman zien oroigarria. Hemen Debagoiena saioan izan ziren astelehenean hiru sarien irabazleak; horien artean, Jokin Larrañaga, The Clayton-eko abeslaria.

Azkeneko jotzea egokitu zitzaizuen; zer moduz joan zen?

Danbakan kamerari lanetan ibili naiz; hortaz, eguna luze joan zen: goizean muntaia, soinu-probak arratsaldean… eta finalean Aierten kontzertua grabatzen ibili nintzen. Ohituta gaude kontzertuak egiten; batzuetan, lehenengo; beste batzuetan, itxarotea tokatzen zaigu, eta hala izan zen egubakoitzean, baina arazo barik!

Ohikoa duzuen ganberro estiloarekin igo zineten oholtzara, baina zer gertatu zen hasierako minutuetan?

Batzuetan gertatzen den moduan, hotz samar hasi ginen, baina makina berotutakoan ondo joan zen dena.

Nola berotu, gainera; eta, lehenengo momentutik, lehen lerroan zaleak zuen kantuak gogoz abesten.

Asko igartzen eta eskertzen da ikusleen indarra, eta, halako jarrera badute, askoz ere gehiago. Badaude gure kontzertu askotara etortzen diren zaleak; bada, bide batez, aukera aprobetxatu gura dut haiei guztiei eskerrak emateko.

Bateriarekin arazo txiki bat egon zen eta segituan igo zen Letagin taldeko Iban Idigoras bateria-jolea konpontzera; zer gertatu zen?

Ez nintzen konturatu, baina publikoan aurpegi arraroak ikusi nituen eta atzera begiratu nuenerako Iban han zegoen. Arrunta izaten da gure bateria-joleak mikroak eta bestelakoak lurrera botatzea. Kontzertua bukatutakoan eskertu egin nion Idigorasi keinua.

Kantu berri bat aurkeztu zenuten, grabatuko duzuen bildumako ale bat izango dena.

Danbakan urriaren 14an izan zen gure azken kontzertua eta ordutik abestiak sortzen ibili gara. Finala prestatzeko denbora gutxi izan dugu, baina gure asmoa gutxienez kantu berri bat erakustea zen.

Telebistako pantailan taldea ikustea gustuko?

Telefonoarekin grabatutakoak dira orain arte genituenak eta taldean komentatu izan dugu sari inportantea izan dela guretzako zuzeneko kalitate handiko bi grabazio eskuratzea.

Ikusgarriak Pello Arriolabengoa gitarra-jolearen punteatzeak gitarra bizkarrera eramanda; sarritan egiten ditu halakoak?

Lokaleko sabaia oso gertu du eta horregatik ez du hori entseatzen, baina kontzertu baten hasi zen halakoak egiten, eta, gustatu egin zitzaionez, jarraitu egiten du, eta ikusgarria da, bai, ikusteko.

Orokorrean, gustura ari zinetela argi ikusi zen.

Bai, horixe; gu beti gustura. Gozatu egiten dugu musika egiten. Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela! Urduri samar geunden hasieran, baina dena deskargatu genuen oholtzaren gainean. Espeziala izan zen, bai.

“Danbakan izatea plazera izan da eta Seminarixoa halako beteta ikustea, itzela!”

Asko entseatu zenuten finala prestatzeko?

Ez pentsa! Urriaren 14an, lehen emanaldian jo genuen guk eta harrezkero kantu berriak sortzeko lanetan ibili gara, bereziki. Abenduaren 23an argitaratu zen finalisten zerrenda; bada, finaleko eguna iritsi bitartean bostok elkartzeko izan dugun denbora hori eskaini diegu finalerako prestakuntzei.

Epaimahaikideek irabazlea erabaki bitartean zelan bizi izan zenuten une hura?

Kontzertu osoa barne, tentsio-une handiena izan zen hori. Saria jasotzera igo ginenean lasaiago nengoen, eta, duda barik, talde-kide guztiak oso pozik.

Danbakaren balorazio borobila egin dute antolatzaileek, sekulako erakusleihoa izan dela goraipatuta. Balioa ematen diozu zuk ere egon den aniztasunari?

Duda barik. Danbaka osoan zehar izan naiz lanean kamerarekin, eta, horregatik, musikari guztiak ezagutzeko aukera izan dut eta oso interesgarria izan da hori. Bestetik, The Claytoneko talde-kide moduan parte hartzea ere esperientzia oso polita izan da niretzako.

“Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa; dagoeneko ari gara kantuak sortzen”

Hasita zaudete disko berria prestatzen; ze asmo duzue?

Ari gara bai kantu berriak sortzen, baina bost pertsona buru-gogor gara gauza bat lortu guran ari garenak lanean. Abesti baten lehen egituratik kantua bukatzen dugun arte denbora bat pasatzen da. Irailean dugu bilduma berria grabatzeko asmoa eta ordura arte gogoz egingo dugun lan. Oso eskertuta gaude sari nagusia eskuratu dugulako; bilduma berria kaleratzeko bultzada handia izango da.