Erritmo lasaietatik azkarretara, Danbakako azken kanporaketan

Atzo, egubakoitza, Danbaka musika lehiaketako azken lau taldeak igo ziren Seminarixoko agertokira: Arragoa, Islabat, Orhi eta Sindy Berbenas.

Danbaka musika lehiaketan parte hartuko duten talde guztiak igaro dira dagoeneko Seminarixoko agertokitik. Atzo, egubakoitza, azken lau taldeen txanda izan zen, hain zuzen ere. Lehenak, Bergarako bi familiak osatzen duten Arragoa taldeko kideak izan ziren, euren folk doinu lasaiekin. Ondoren, Elgoibarko eta Bergarako musikariez osaturiko Islabat taldearen txanda izan zen, rock ezohiko kutsua duten abestiekin.

Hirugarrenak Orhi taldeko kideak izan ziren. Bergarako eta Azpeitiko musikariak batzen dituen taldeak, erritmo biziak eta lasaiagoak uztartu zituzten. Azkena oholtzan, Arrasateko Sindy Berbenas taldea euren punk-oi! proposamenarekin izan zen.

Chill out gunean, Seminarixoko atarian, Astigarragako Lara Peman (DJ LP Woman) aritu zen musika jartzen. Seminarixoko giroa ere apurka berotzen joan zen, taldeak igaro ahala, eta Sindy Berbenasen emanaldian jo zuen gailurra.

Argazki galeria ikusteko egin klik hemen.