Danbaka: lehenengo kontzertuko taldeen aurkezpenak

Danbakak ikur duen denetariko estiloen eta erritmoen koktela izango da gaurko eskaintza.

2015ean Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariek sortu zuten Jasan laukoteak rock-metal emanaldi basatia eskainiko du. Antzuolako eta Bergarako musikariak batzen dituen Lemak hirukoteak, 2019ko uztailean sortutako formazioak, berriz, pop-rock doinuekin jantziko du aretoa, iazko azaroan kaleratu zuten Hegikide bildumako kantuak eskainita. Antzuolako Kiimak bikotea ere taularen gainean izango da gaur. 2020ko martxoaren 8an batutako formazioak, bi gitarra, teklatu bat eta bi ahots lagun, abesti ezagunen bertsioekin eta euren kantu propioekin osatutako pop-rock estiloko kantu zerrenda du prestatuta. Eta 2017an Aramaion abiatutako The Clayton boskoteak borobilduko du lehen kontzertuko lehiakideen zerrenda. Iaz argitaratu zuten Phoenix diskoa oinarri hartuta, punk eta rock-and-roll doinu biziak eroango dituzte gaur Seminarixoa areto barruko agertoki gaineko emanaldira.