Danbaka: eskualdeko musika harrobia eztandarazteko gertu

Lau talde lehiatuko dira Seminarixoa areto barruan, 21:30ean hasita; eta kanpoan, 20:00etan hasita, chill out gunean, Sanprubusa eta zuzeneko musika gozagarri.

Hamabi urte pasa dira azkeneko Danbaka egin zenetik eta “mimo eta ilusio handiz” abiatuko du gaur, egubakoitza, Goienak denboraldi berria, bosgarrena. Atzo egin zituzten agertoki nagusia izango den Seminarixoa aretoan muntaketa teknikoak, telebistarako zein soinu eta argi azpiegiturak atonduta.

Guztia gertu, bada, lehenengo lau lehiakideak hartzeko. Danbakak ikur duen denetariko estiloen eta erritmoen koktela izango da gaurko eskaintza. 2015ean Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariek sortu zuten Jasan laukoteak rock-metal emanaldi basatia eskainiko du. Antzuolako eta Bergarako musikariak batzen dituen Lemak hirukoteak, 2019ko uztailean sortutako formazioak, berriz, pop-rock doinuekin jantziko du aretoa, iazko azaroan kaleratu zuten Hegikide bildumako kantuak eskainita. Antzuolako Kiimak bikotea ere taularen gainean izango da gaur. 2020ko martxoaren 8an batutako formazioak, bi gitarra, teklatu bat eta bi ahots lagun, abesti ezagunen bertsioekin eta euren kantu propioekin osatutako pop-rock estiloko kantu zerrenda du prestatuta. Eta 2017an Aramaion abiatutako The Clayton boskoteak borobilduko du lehen kontzertuko lehiakideen zerrenda. Iaz argitaratu zuten Phoenix diskoa oinarri hartuta, punk eta rock-and-roll doinu biziak eroango dituzte gaur Seminarixoa areto barruko agertoki gaineko emanaldira.

Bost kanporaketa eta finala

Debagoieneko askotariko hogei musika taldek hartuko dute parte bosgarren aldian. Bost kontzertutan banatuta, saio bakoitzeko lau musika-proposamen izango dira gozagarri, abenduaren 16ra bitartean, hamabostean behin, egubakoitzetan. Talde bakoitzak ordu erdiko emanaldia egingo du, 21:30ean hasita.

Julen Narbaiza, Kristina Markina, Aitor Aldanondo, Iñigo Ugarte eta Nerea Loron La Furia dira aurtengo epaimahaikideak eta eurek aukeratuko dituzte urtarrilaren 13an jokatu den finalerako hiru hautagaiak. Talde edo bakarlari irabazleak disko bat grabatzeko diru-laguntza jasoko du.

Publikoaren saria ere bai

Aurreko aldietan moduan, publikoak gustukoen duen taldeari edo bakarlariari botoa emateko aukera izango du. Goiena.eus eta Danbaka.eus atarietan izango dira hogei musika-proposamenei botoa emateko formularioak eskuragarri, urriaren 15ean hasita. Abao Komunikazio Agentziaren eskutik bideoklip bat grabatzeko aukera izango du talde edo bakarlari irabazleak.

Iruditeria zaindua

“Euskal musikagile klasikoen irudiekin jolastuz sortu ditugu irudiak”

Soinuaz gainera, mimoz landutako irudia izango du Danbaka berriak, agertokian zintzilikatutako apaingarrietan eta kontzertuak iragartzeko karteletan daudenak. “Aurtengo lait motiv-ean egin duguna da euskal musikagile klasikoak oinarri hartu eta irudi horien gainean zirriborroak edo marrazkiak egin. Zergatik? Kontraste bila joan garelako, gu, Danbaka, klasikoak baino harago gaudela adierazteko. Emanaldi bakoitzerako kartel bat sortu dugu; lehenengoa iragartzeko Juan Crisostomo Arriagaren irudia aukeratu eta black metal estiloa aplikatu diogu, eta bi maraka gehitu ere bai”, dio Goienako diseinu taldeko Aitor Lagomak.

Sarrerak, hainbat preziotan

Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du oraingoan, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin. “Halako ekintza bat aurrera eramateko ezinbestekoak ditugu babesleak eta laguntzaileak. Eskerrik asko Bergarako Udalari, erraztasun guztiak eman dizkigulako lehiaketa Seminarixoan antolatzeko, teknikari eta bestelako baliabideak jarrita. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskerrik asko emandako babesagatik, eta baita Sein taldeari ere”, azaldu du Goienako komertzial saileko arduradun Mireia Larrañagak.

“Goienakideek deskontuak izango dituzte sarrerak eta kamisetetan”

Kontzertuetara joan nahi dutenek egunean bertan izango dute sarrera erosteko aukera, hainbat preziotan; honela azaldu du Larrañagak: “Ez da aurresalmentarik izango, 21:00etan zabalduko ditugu aretoko ateak eta han erosi ahalko dira. Prezio ezberdinak izango dira: sarrera arrunta lau eurotan izango da; bi eurotan, berriz, Goiena aplikazioa telefonoan jaitsita eta momentuan alta emanda dutela erakusten dutenendako; eta Goienakideek doako sarrera izango dute”.

Kamisetak ere bai

Aurreko edizioetan egin izan den moduan, gaurtik hasita, Danbakako kamiseta berria eskuragarri izango dela gaineratu du Larrañagak: “Hamabi euro da prezio arrunta, baina hemen ere Goienakideek abantaila izango dute eta hamar eurotan erosteko aukera izango dute”.

Goienaren jarraipen zabala

Seminarixoa areto barruan eta kanpoan izango diren ekitaldiak zuzenean jarraitzeko aukeraz gainera, Goienako hedabideek jarraipen zabala egingo diote lehiaketari. “Aurreko aldietan moduan, kontzertu guztiak osorik grabatuko dira eta Goiena telebistan eskainiko ditugu eguenetan. Gaurko emanaldiei dagokienez, esaterako, urriaren 20an bi kontzertu ikusteko aukera izango da, 21:00etan eta 23:00etan, eta beste bi taldeenak, berriz, urriaren 27an ordutegi berean”, azaldu du Goiena telebistako zuzendari Oihane Agirrek, eta zera gaineratu: “Horrez gainera, kontzertu egunaren bezperan, protagonista izango diren musikarien aurkezpen-bideoak eskainiko ditugu, eta kontzertu-egunek emandakoen laburpena, berriz, martitzenetan; horiek guztiak, Hemen Debagoiena saioan”.

“Lehiaketaren jarraipen zabala egingo diogu gure hedabide guztietan”

GOIENA aldizkarian ere egingo diote tokia Danbakari. “Kontzertuen egunetan protagonista diren musikarien eta bestelako ekitaldien informazioa jasoko dugu eta kontzertu osteko astean, berriz, izan diren kontzertuen kronikak, argazkiak eta bestelakoak”, dio Goienako editore Eneko Azkaratek.

Sarean ere jarraipen zabala egiteko asmoa dutela azaldu du Goiena.eus-eko arduradun Mirari Altubek: “Kontzertu-biharamunean Seminarixoa areto barruko eta kanpoko giroaren erakusleiho izango da, argazkiak, bideoak eta kantuak jasota. Eta behin telebistan eskaini ondoren, kontzertuak osorik ikusteko aukera ere izango da atari horretan. Sare sozialetan ere bagaude eta Twitterreko eta Instagrameko Danbakaren kontuetatik askotarikoak kontatuko ditugu emanaldietatik zuzenean; eta ezin albo batera utzi lehiaketak propio duen ataria, Danbaka.eus; hor ere askotarikoak aurkituko dituzue”.