Archive for the
‘Albistea’ Category

Debagoienean askotariko musika egiten dela erakutsi zuen Danbaka Musika Lehiaketako hirugarren kontzertu gauak. Oñatiko hiru ordezkari; Aiert bakarlaria eta Sukena eta Broken Legacy taldeak, eta, Aramaioko Balarrasa laukotea igo ziren oholtzara atzokoan.

Lasai hasi zen gaua Bergarako Seminarixoan. Kanpoan, Chill out gunean, bikote akustikoa osatu zuten Bergarako Olatz Ugartek eta Aretxabaletako Cristian Coellok.

Seminarixoko oholtzara igotzen lehena Aiert izan zen. Ahots erregistro zabala duela erakutsi zuen bakarlari oñatiarrak, abesti propio batzuk eta bereziki bertsioak eskaini zituen. Horien artean Olatz Salvadorren Korapilatzen.

Sukena taldeko kideak igo ziren bigarren oholtzara. Urduri hasi zuten gaua, baina publikoaren babes handia jaso zuten eta berotzen joan ziren kontzertuak aurrera egin ahala. Taldeak kontzertu gutxi eskaini ditu oraindik, baina bi ahotsetara abesten duen taldeak ibilbide oparoa izateko baldintzak ditu.

Oñatiarren pop abestietatik lasaietatik Balarrasaren doinu gogorretara eman zuen jauzia Danbaka lehiaketak. Esperientzia dutela erakutsi zuten aramaioarrek, eta hasieran gitarraren korda hautsi izanari probetxua atera zioten, tarte horretan publikoa aurrera erakarriz. Abeslariak gogoz heldu zion showman lanari kontzertua girotuz.

Azken erreleboa Oñatiko Broken Legacyk hartu zuen. Intentsitate handiko kontzertua eskaini zuten; hasieratik indar erakustaldia egin zuten, eta, publikoan aipatu bezala “abeslaria ez zen gelditu; alderik alde ibili zen kontzertu osoan, Behobia-Donostia lasterketan baino kilometro gehiago eginez”.

Argazki galeria ikusteko egin klik hemen.

Danbaka musika lehiaketaren hirugarren emanaldian Seminarixoko oholtzan elkartuko dira Aiert bakarlaria, Sukena eta Broken Legacy taldeak, hirurak Oñatikoak, eta Aramaioko Balarrasa laukotea. Emanaldiak 21:30ean hasiko dira.

Chill out gunean, ostera, emanaldi akustikoa izango da. Aretxabaletako Trumans taldeko kide Cristian Coellok Bergarako Olatz Ugarterekin batera jardungo du, lehiaketako emanaldiak hasi aurretik (21:00) eta atsedenaldian (22:50). Oraingoan ere, Sanprubusa izango da San Martin plazan.

Danbaka musika lehiaketako bigarren kontzertu gauean Bergarako Seminarixoa aretoko oholtza gainean Eyharts, Inguma, 112 eta Letagin taldeak aritu ziren. Kanpoan, arkupeetan jarritako chill out gunea girotzen, berriz, Iban Borgas aretxabaletarra aritu zen. Saioa amaitzean, lau taldetako kideak oso gustura geratu ziren eskaini zuten zuzenekoarekin, eta, baita bertaratu zirenengandik jasotako harrerarekin.

Hurrengo saioa, azaroaren 11n izango da, eta bertan arituko direnak honakoak dira: Aiert, Broken Legacy, Sukena eta Balarrasa.

Danbakako bosgarren edizioko bigarren kontzertu gaua izan zen atzo, eta, Bergarako Seminarixoa aretoko agertokian lau proposamen ezberdin izan ziren: Eyharts, Inguma, 112 eta Letagin. Kanpoan, berriz, chill out gunea Iban Borgas dj-ak girotu zuen, eta, Sanprubusak ere ez zuen hutsik egin. Jendetza batu zen areto barruan zein kanpoan, eta, musika lehiaketan parte hartu zutenek erakustaldi aparta eskaini zuten, ez zuen batek ere hutsik egin.

Iban Borgas dj-a hasi zen Bergarako Seminarixoa aretoko arkupeak girotzen. Lagunak, familiak, taldekideen jarraitzaileak… bertan batu ziren. Lau emanaldien aurretik, musikazaleak berotzeko, bera izan zuten oinarri, eta, lortu zuen, gainera, helburua. Ondoren hasi ziren musika lehiaketako partaideak 30 minututara mugatutako emanaldiekin.
Estilo ugari, dena emanez

Gaueko lehenengo saioa, berriz, Eyharts bikote bergararrak hasi zuen. Alain Carazok eta Jokin Guridik argi-soinuen nahasketa berezi bezain txukuna eskaini zuten Seminarixoko oholtzan. Ikus-entzunezko elektroniko saioak harrera aparta izan zuen, eta kontzertu gaua irekitzeko proposamen landua izan zen. Ondoren, Inguma talde oñatiarra igo zen oholtzara. Oi! doinuak eskaini zituzten, Oñatiko gazteek, eta, konkretuki 27 minututako emanaldia eskaini zuten. Saioa prestatuta eramanda, jarrera apartarekin animatu zituzten bertaratutakoak.

Atsedenaldian, Iban Borgasen txanda izan zen berriro. Kasu honetan, arkupeak emanaldien hasieran baino gehiago bete ziren, eta dantza egiteko gogoz ere azaldu ziren zenbait musikazale.

Ondoren, kontzertuen bigarren zatiari hasiera emateko, 112 taldeko musikariak igo ziren oholtzara. Lagunek ondo babestuta, eta animoak ematen, saio ederra eskaini zuten arrasatearrek; baita, WC, beraien aurreko taldearen kanturen bat eskaini ere, publikoak eskatutakoa. Gauari amaiera emateko, berriz, Letagin talde oñatiarrak saioa ederra eskaini zuen. Gitarra doinu landuak izan ziren entzungai, punteo rocknrolleroak, eta oholtza ginean esperientziadunak direla demostratu zuten.

Argazki galeria ikusteko egin klik hemen.

Bergarako Eyharts bikotea, Oñatiko Inguma eta Letagin taldeak eta Arrasateko 112 laukotea izango dira Seminarixoko oholtzan lehian, egubakoitzean (21:30). Danbaka musika lehiaketaren bigarren kanporaketa jokatuko dute horiek eta onena emateko gertu agertu dira.

San Martin plazan kokatutako chill out gunea, ostera, Aretxabaletako Iban Borgasek DJ bRgSS girotuko du.

Goienakideak debalde sartu ahal izango dira, Goiena Aplikazioa deskargatuta dutenak bi euro ordainduta eta sarrera arrunta lau eurotan eskuratu ahal izango da bertako leihatilan.

 

Hogei taldek edo bakarlarik hartuko dute parte Danbaka Musika Lehiketaren 5. edizioan, eta, publikoak bere gustukoena aukeratu ahalko du.

Eman zure botoa 2023ko urtarrilaren 10a bitartean.

Danbakak ikur duen denetariko estiloen eta erritmoen koktela izango da gaurko eskaintza.

2015ean Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariek sortu zuten Jasan laukoteak rock-metal emanaldi basatia eskainiko du. Antzuolako eta Bergarako musikariak batzen dituen Lemak hirukoteak, 2019ko uztailean sortutako formazioak, berriz, pop-rock doinuekin jantziko du aretoa, iazko azaroan kaleratu zuten Hegikide bildumako kantuak eskainita. Antzuolako Kiimak bikotea ere taularen gainean izango da gaur. 2020ko martxoaren 8an batutako formazioak, bi gitarra, teklatu bat eta bi ahots lagun, abesti ezagunen bertsioekin eta euren kantu propioekin osatutako pop-rock estiloko kantu zerrenda du prestatuta. Eta 2017an Aramaion abiatutako The Clayton boskoteak borobilduko du lehen kontzertuko lehiakideen zerrenda. Iaz argitaratu zuten Phoenix diskoa oinarri hartuta, punk eta rock-and-roll doinu biziak eroango dituzte gaur Seminarixoa areto barruko agertoki gaineko emanaldira.

Lau talde lehiatuko dira Seminarixoa areto barruan, 21:30ean hasita; eta kanpoan, 20:00etan hasita, chill out gunean, Sanprubusa eta zuzeneko musika gozagarri.

Hamabi urte pasa dira azkeneko Danbaka egin zenetik eta “mimo eta ilusio handiz” abiatuko du gaur, egubakoitza, Goienak denboraldi berria, bosgarrena. Atzo egin zituzten agertoki nagusia izango den Seminarixoa aretoan muntaketa teknikoak, telebistarako zein soinu eta argi azpiegiturak atonduta.

Guztia gertu, bada, lehenengo lau lehiakideak hartzeko. Danbakak ikur duen denetariko estiloen eta erritmoen koktela izango da gaurko eskaintza. 2015ean Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariek sortu zuten Jasan laukoteak rock-metal emanaldi basatia eskainiko du. Antzuolako eta Bergarako musikariak batzen dituen Lemak hirukoteak, 2019ko uztailean sortutako formazioak, berriz, pop-rock doinuekin jantziko du aretoa, iazko azaroan kaleratu zuten Hegikide bildumako kantuak eskainita. Antzuolako Kiimak bikotea ere taularen gainean izango da gaur. 2020ko martxoaren 8an batutako formazioak, bi gitarra, teklatu bat eta bi ahots lagun, abesti ezagunen bertsioekin eta euren kantu propioekin osatutako pop-rock estiloko kantu zerrenda du prestatuta. Eta 2017an Aramaion abiatutako The Clayton boskoteak borobilduko du lehen kontzertuko lehiakideen zerrenda. Iaz argitaratu zuten Phoenix diskoa oinarri hartuta, punk eta rock-and-roll doinu biziak eroango dituzte gaur Seminarixoa areto barruko agertoki gaineko emanaldira.

Bost kanporaketa eta finala

Debagoieneko askotariko hogei musika taldek hartuko dute parte bosgarren aldian. Bost kontzertutan banatuta, saio bakoitzeko lau musika-proposamen izango dira gozagarri, abenduaren 16ra bitartean, hamabostean behin, egubakoitzetan. Talde bakoitzak ordu erdiko emanaldia egingo du, 21:30ean hasita.

Julen Narbaiza, Kristina Markina, Aitor Aldanondo, Iñigo Ugarte eta Nerea Loron La Furia dira aurtengo epaimahaikideak eta eurek aukeratuko dituzte urtarrilaren 13an jokatu den finalerako hiru hautagaiak. Talde edo bakarlari irabazleak disko bat grabatzeko diru-laguntza jasoko du.

Publikoaren saria ere bai

Aurreko aldietan moduan, publikoak gustukoen duen taldeari edo bakarlariari botoa emateko aukera izango du. Goiena.eus eta Danbaka.eus atarietan izango dira hogei musika-proposamenei botoa emateko formularioak eskuragarri, urriaren 15ean hasita. Abao Komunikazio Agentziaren eskutik bideoklip bat grabatzeko aukera izango du talde edo bakarlari irabazleak.

Iruditeria zaindua

“Euskal musikagile klasikoen irudiekin jolastuz sortu ditugu irudiak”

Soinuaz gainera, mimoz landutako irudia izango du Danbaka berriak, agertokian zintzilikatutako apaingarrietan eta kontzertuak iragartzeko karteletan daudenak. “Aurtengo lait motiv-ean egin duguna da euskal musikagile klasikoak oinarri hartu eta irudi horien gainean zirriborroak edo marrazkiak egin. Zergatik? Kontraste bila joan garelako, gu, Danbaka, klasikoak baino harago gaudela adierazteko. Emanaldi bakoitzerako kartel bat sortu dugu; lehenengoa iragartzeko Juan Crisostomo Arriagaren irudia aukeratu eta black metal estiloa aplikatu diogu, eta bi maraka gehitu ere bai”, dio Goienako diseinu taldeko Aitor Lagomak.

Sarrerak, hainbat preziotan

Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du oraingoan, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin. “Halako ekintza bat aurrera eramateko ezinbestekoak ditugu babesleak eta laguntzaileak. Eskerrik asko Bergarako Udalari, erraztasun guztiak eman dizkigulako lehiaketa Seminarixoan antolatzeko, teknikari eta bestelako baliabideak jarrita. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskerrik asko emandako babesagatik, eta baita Sein taldeari ere”, azaldu du Goienako komertzial saileko arduradun Mireia Larrañagak.

“Goienakideek deskontuak izango dituzte sarrerak eta kamisetetan”

Kontzertuetara joan nahi dutenek egunean bertan izango dute sarrera erosteko aukera, hainbat preziotan; honela azaldu du Larrañagak: “Ez da aurresalmentarik izango, 21:00etan zabalduko ditugu aretoko ateak eta han erosi ahalko dira. Prezio ezberdinak izango dira: sarrera arrunta lau eurotan izango da; bi eurotan, berriz, Goiena aplikazioa telefonoan jaitsita eta momentuan alta emanda dutela erakusten dutenendako; eta Goienakideek doako sarrera izango dute”.

Kamisetak ere bai

Aurreko edizioetan egin izan den moduan, gaurtik hasita, Danbakako kamiseta berria eskuragarri izango dela gaineratu du Larrañagak: “Hamabi euro da prezio arrunta, baina hemen ere Goienakideek abantaila izango dute eta hamar eurotan erosteko aukera izango dute”.

Goienaren jarraipen zabala

Seminarixoa areto barruan eta kanpoan izango diren ekitaldiak zuzenean jarraitzeko aukeraz gainera, Goienako hedabideek jarraipen zabala egingo diote lehiaketari. “Aurreko aldietan moduan, kontzertu guztiak osorik grabatuko dira eta Goiena telebistan eskainiko ditugu eguenetan. Gaurko emanaldiei dagokienez, esaterako, urriaren 20an bi kontzertu ikusteko aukera izango da, 21:00etan eta 23:00etan, eta beste bi taldeenak, berriz, urriaren 27an ordutegi berean”, azaldu du Goiena telebistako zuzendari Oihane Agirrek, eta zera gaineratu: “Horrez gainera, kontzertu egunaren bezperan, protagonista izango diren musikarien aurkezpen-bideoak eskainiko ditugu, eta kontzertu-egunek emandakoen laburpena, berriz, martitzenetan; horiek guztiak, Hemen Debagoiena saioan”.

“Lehiaketaren jarraipen zabala egingo diogu gure hedabide guztietan”

GOIENA aldizkarian ere egingo diote tokia Danbakari. “Kontzertuen egunetan protagonista diren musikarien eta bestelako ekitaldien informazioa jasoko dugu eta kontzertu osteko astean, berriz, izan diren kontzertuen kronikak, argazkiak eta bestelakoak”, dio Goienako editore Eneko Azkaratek.

Sarean ere jarraipen zabala egiteko asmoa dutela azaldu du Goiena.eus-eko arduradun Mirari Altubek: “Kontzertu-biharamunean Seminarixoa areto barruko eta kanpoko giroaren erakusleiho izango da, argazkiak, bideoak eta kantuak jasota. Eta behin telebistan eskaini ondoren, kontzertuak osorik ikusteko aukera ere izango da atari horretan. Sare sozialetan ere bagaude eta Twitterreko eta Instagrameko Danbakaren kontuetatik askotarikoak kontatuko ditugu emanaldietatik zuzenean; eta ezin albo batera utzi lehiaketak propio duen ataria, Danbaka.eus; hor ere askotarikoak aurkituko dituzue”.

Ostiral honetan, urriaren 14an, emango zaio hasiera Bergarako Seminarixoa aretoan, Danbaka Musika Lehiaketari. Hogei taldek hartuko dute parte. Abenduaren 16ra bitartean, bost kontzertu antolatuko dira eta bakoitzean lau taldek joko dute. Lemak, Kiimak, The Clayton eta Jasan ariko dira lehen kontzertuan.

12 urteren ostean, bueltan dator Danbaka; oraingoa bosgarren aldia izango da. Lemak (Bergara, Antzuola), Kiimak (Antzuola), The Clayton (Aramaio) eta Jasan (Aretxabaleta, Eskoriatza) taldeak ariko dira lehen kontzertuan, 21:30ean hasita.

Bost kontzertu eta finala

Debagoieneko askotariko hogei musika taldek hartuko dute parte. Bost kontzertu izango dira. Honako hauek: urriaren 14an, Lemak (Bergara, Antzuola), Kiimak (Antzuola), The Clayton (Aramaio) eta Jasan (Aretxabaleta, Eskoriatza); urriaren 28an, Eyharts (Bergara, Inguma (Oñati), 112 (Arrasate) eta Letagin (Oñati); azaroaren 11n, Aiert (Oñati), Sukena (Oñati), Broken Legacy (Oñati) eta Balarrasa (Aramaio); azaroaren 25ean, Ktarsia (Bergara), Iluminatizz (Aretxabaketa, Otxandio), Erromintxelak (Arrasate, Bergara) eta Etxepe (Arrasate); eta abenduaren 16an, Orhi (Bergara), Arragoa (Bergara), Islabat (Bergara, Elgoibar) eta Sindy Berbenas (Arrasate). Finala urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

Sarrerak: 4 eurotik behera

Kontzertuetarako sarrerak 4 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan, kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita, eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

Sanprubusa eta chill out gunea plazan

Aretoaren kanpoaldean, Martin plazan, chill out gunea egokituko da. Taldeen arteko etenetan, musika emanaldiak izango dira. Ostiral honetan, Unai Cantabrana musikari elgetarraren akustikoarekin. Doan. San Martin plazan Sanprubusak emango du taberna zerbitzua. Bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dira eta taberna txiki bat jarriko da.

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetara. Horietatik hemeretzi epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hogeigarrena, publikoak, boto bidez. 112 taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.200 boto jaso dira.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Julen Narbaiza musikazalea eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoa; Kristina Markina, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia; Iñigo Ugarte, musikari oñatiarra; Nerea Loron La Furia, rap abeslari eta sortzailea; eta Aitor Aldanondo, musikari bergararra.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, lan oso zaila izan da hemeretzi talde edo bakarlari aukeratzea. Epaimahaiak dio askotariko estiloengatik eta bidalitako abestien maila handiagatik zalantza handiak izan dituela aukeraketa egiteko.

Emanaldi guztiak osorik telebistan

Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen uneoroko eta zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria, Puntua aldizkaria eta Arrasate Irratia. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak, oso-osorik, grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en, taldeen emanaldi osoak. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen eta Twitterren. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus.