Irailaren 18an amaitu zen Danbaka musika lehiaketaren bosgarren ediziorako izen-emate epea. 30 taldek eta bakarlarik eman dute izena, eta edizio berri honek ere bermatuko ditu askotarikoak diren estiloak. Izen-ematearen fasea amaitu berri da, beraz, eta orain epaimahaia buru-belarri jarriko da lehiaketan parte hartuko duten hemeretzi taldeak aukeratzeko lanetan. Hogeigarren proposamena publikoak aukeratuko du, Danbaka.eus webgunean.

Hamabi urteko etenaren ostean indarberrituta dator Danbaka musika lehiaketa. Irailaren 18ra egon da zabalik izen-emate epea eta 30 taldek eta bakarlarik eman dute izena. Askotariko proposamenak daude: punka, rock&rolla, metala, pop-rocka, elektronika, ska, rapa, trapa… Uzta berriak itxura ederra dauka… eta Bergarako Seminarixoa aretoa izango da horren lekuko!

Urriaren 14an izango da lehen emanaldia, baina aurretik parte hartuko duten taldeak eta bakarlariak aukeratu behar dira. Irailaren 30ean jakinaraziko da Goienako hedabideetan eta Danbaka.eus-en epaimahaiak aukeratu dituen 19 proposamenak. Hala, irailaren 30etik urriaren 5era bitartean publikoak Danbaka.eus webgunean aukeratuko du 20. proposamena, boto bidez. Hortaz, urriaren 6rako jakinekoa izango da Danbakaren bosgarren edizioko protagonista guztiak zeintzuk izango diren.

Kontzertuak urritik abendura bitarteko bost ostiraletan izango dira, Bergarako Seminarixoa aretoan, 21:30ean hasita. Honako data hauetan izango dira kontzertuak: urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16. Kontzertu bakoitzean lau taldek hartuko dute parte. Finala 2023ko urtarrilaren 13an izango da.

Bueltan dator Danbaka, indarberrituta bueltatu ere!