Author Archive

Home / Author's Article(s) / danbaka
Oñatiko Aiert Alberdi bakarlariak eta Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton taldeek osatzen dute gaur Seminarixoan 21:30ean hasita izango den bosgarren Danbakaren finalisten zerrenda, eta Murtziako DJ Gela izango da artista gonbidatua.

Urriaren 14an abiatu zuen Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin, bosgarren Danbaka Musika Lehiaketa. Debagoieneko ia herri guztietako ordezkariak taularen gainera igotzeko aukeratutakoen zerrendan. Musikari ezagunak eta hasiberriak elkarrekin urtarrilaren 13an helmugara heltzeko irteera puntuan.

Hogei formazio, bost kontzertu

Musika-dastaketa moduko bat izan da kontzertu bakoitza. Zapore ezberdineko lau plater bakoitzean. Gozoak, gaziak, garratzak, pikanteak edo zorrotzak aukeran, baina elkarrekin “egubakoitzetarako primerako proposamenak” osatuta. Hala adierazi dute emanaldietara joan diren ikus-entzuleek; publiko zabala batu da Seminarixoan, adinari eta musika zaletasunari begiratuta.

Musikariek “asko eskertu” dute Danbakak eskainitako erakusleihoa eta mimoz prestatutako zuzenekoak egiteko lan egin dute, orokorrean, guztiek, agertokian ondo erakutsita.

Hogeitik hiru finalean

“Aniztasuna izan da jokatutako bost kanporaketen ezaugarria eta finalak ere hala izan behar zuen”, dio Julen Narbaizak, Kristina Markinak, Aitor Aldanondok, Iñigo Ugartek eta Nerea Loron La Furia-k osatu duten epaimahaiak, eta zera gaineratu: “Aukeratutako hiru proiektuek –Aiert bakarlaria, Bergarako Arragoa taldea eta The Clayton Aramaioko boskotea– bestelako emanaldi bat eskainiko dute gaur; hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte, Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioa berezitu duen aniztasunaren adierazle”.

Azaroaren 11n izan zen Aiert bakarlariari buruz zera adiera zi dute epaimahaikideek: “Ikusleak gozarazi zituen ahots benetan pertsonalarekin eta abesti hunkigarriekin. Gitarra lagun, erakutsi du badakiela agertokia ziurtasunez eta irmotasunez zapaltzen. Ibilbide oparoa aurreikus dakioke”. Azkeneko kanporaketan, abenduaren 16an, izan ziren Bergarakoak. “Bi familia, bi belaunaldi eta musika letra larriz idatzita. Kalitatea, prisma guztietatik begiratuta, eta heltzeko gaitasuna. Hori guztia Arragoa definitzeko, folk abestien errepertorioa bikain aukeratu eta ezin hobeto gauzatu ostean. Gorputz handiko eta arima sakoneko emanaldia egin zuten”. Aramaioarrak, berriz, lehenekotarikoak izan ziren euren proposamena aurkezten. “Edizio honetako zuzeneko onena egin dute. Jarrera, teknika eta kantu landuak. Bailaran ohikoak diren distortsio indartsuetatik aldenduta, rock-and-rollaren erraietara jo dute aramaioarrek”.

“Sorpresa” finalistendako

Kanporaketetan baino saio luzeagoak eskainiko dituzte lehiakideek, 45 minutukoak. Ezustekoa izan da finalerako txartela eskuratzea hiru aukeratuendako. “Abesti gehiago jotzeko aukera izango dut eta ez dut zerrenda iragarriko, baina kontzertuan zehar ikus-entzulea toki askotara eramaten saiatuko naizela agintzen dut”, dio Aiert Alberdik. Beste ildo bati heltzeko asmoa dutela adierazi dute Arragoa bergararrek: “Kontzertua beste maila batera igotzeko saiakera egingo dugu berrikuntzak eskainita eta, ahal dela, abestiak errepikatu barik”. Estiloan norabide berri bat hartzeko asmoa adierazi dute The Claytonekoek: “Horregatik ez ditugu abesti zahar batzuk jo gura eta amaitu berri dugun abesti bat joko dugu Danbakan estreinakoz”.

Hiru sari

Diskoaren irudia izango duen koadro bana jasoko dute irabazleek. Hiru sari banatuko dira gaur, gauerdian, Seminarixoan.

Sari nagusia: Epaimahaiak aukeratuko du, eta gaurko hiru proposamenetatik –Oñatiko Aiert bakarlaria, Arragoa zortzikote bergararra eta Aramaioko The Clayton boskotea– batek diskoa grabatzeko aukera izango du. Formazio irabazleak aukeratuko du, gero, non eta zeinekin grabatuko duen aurten grabatu eta argitaratuko den kantuen bilduma.

Publikoaren saria: 2.000 lagundik gora izan dira Danbaka.eus atarian botoa eman duten herritarrak. Irabazleari bideoklipa grabatzeko aukera emango dio sariak.

Danbaka-Ekinez saria: Ekainaren 9an eta 10ean Bergaran egingo duten bigarren Ekinez musika jaialdian “zuzeneko oso berezia” egiteko aukera izango du hirugarren sari hori eskuratuko duen formazioak. Goienak eta Ekinez elkarteak aukeratuko dute proiektu irabazlea.

Sarrerak leihatilan eskuragarri

Aurrez jokatutako kanporaketan moduan, finalean ere hainbat salneurri daude sarrerei dagokienez: lau euro, sarrera arrunta; Goiena app-a dutenentzako, bi euro; eta Goienakideentzako, dohainik.

“Bide ederra eginda”

Kultura eta aisialdia elkarlanetik eta euskara ardatz izanda bokazioarekin abiatu zuen Goienak 2004an eskualdeko musika lehiaketa. “Bereziki musika-zalea den bailara honetan musika eszenaren edo panoramaren erakusleiho izateko bokazioz jaio zen eta hainbat urtetako etenaldiaren ostean, bosgarrenak ere eskualdean musika harrobi itzela dagoela erakutsi du”, dio Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

“Estilo askotarikotasuna” nabarmendu du Bereziartuak. “Kanporaketa bakoitzean ikusi da estilo aniztasun hori eta finalisten zerrenda horren isla da. 31 talde aurkeztu ziren eta hogeik hartu dute parte lehiaketan –hemeretzi epaimahaiak aukeratuta eta publikoak, bozketa bidez, hogeigarrena–. Kopuruaz harago, orokorrean, formazio guztien zuzenekoen kalitatea nabarmenduko nuke nik ere. Azkeneko Danbaka egin genuenetik gaur egunera sumatzen genuen formazio berri interesgarriak sortu direla eskualdean eta gure aurreikuspenak bete egin dira. Nabarmendu nahiko nuke lehiaketaz harago, erakusleiho aparta dela”.

Seminarixorako gonbidapena

Kanporaketen moduan, finaleko emanaldi osoa ere grabatu egingo dute, Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian eskaintzeko gero. Eguenetan eskaintzen dute telebistan, 21:00etan eta 23:00etan, eta asteburuetan ere beste hainbat alditan. Hala ere, Bereziartuak Seminarixoraino joateko gonbidapena egin du: “Gaua mundiala izango da; musikazalea zaren horrentzat, plan itzela. Batetik, emanaldi bakar batean askotariko estiloak entzuteko aukera egongo delako. Bestetik, aurreko emanaldietan moduan, areto kanpoan chill out gunea egongo delako, oraingo honetan DJ Gela artista gonbidatuak gozatua”.

Musikari gonbidatua, DJ Gela

Danbakako kanporaketa guztietan musikari gonbidatu bat izan da chill out gunean, musika akustikoari eta elektronikoari tokia egiteko. Murtziako Julia Lozano DJ Gela gonbidatu dute oraingoan. Bi saio labur egingo ditu kanpoan, 21:00etan eta 23:15ean hasita, eta saio luzeagoa egingo du Seminarixo barruan, 00:20an hasita, epaimahaikideek irabazlea aukeratu bitartean.

Murtziako Julia Lozano DJ Gela da musikari gonbidatua eta bi saio labur egingo ditu kanpoan eta luzeagoa barruan.

Jaioterriko Ocio klubean abiatu zuen DJ Gelak ibilbidea, 2003an; Madrilera joan zen, hamar urte geroago, non Madame Excuse-rekin batera Iguana Kolektiboa sortu zuen. Harrezkero, askotariko aretoetan eta Sonar jaialdian jarri du musika, baita nazioartean ere. Izan ere, acid housea, techno beroena, brasildar erritmoekin uztartzen ditu, bereziki, haren saioetan, baina bestelako estiloekin ere jolastuz eta publikoa dantzan jarriz, eta Danbakara bertara ere asmo horrekin doala iragarri du.

Sanpubrusa chill out gunean

20:00etan irekiko dute San Martin plazan, Seminarixoaren kanpoaldean, chil out gunea. Jon Mujikaren eta Irene Chohanen Sanprubusak eskainiko du gaur ere ostalaritza zerbitzua eta Seminarixoaren barruan tabernatxoa jarriko dute.

Oso gutxitan mugitu izan dute dute taberna-autobusa Elorregitik, eta “pozik” daude Danbakaren proposamena onartzeagatik. “Esperientzia ona, ezberdina, izan da. Formatu erraza egin zaigu, nahiz eta horrenbeste jende gurean sekula izan ez dugun. Polita izan da gure ohiko bezeroekin San Martin plazan elkartzea. Hasieran, berde samar ibili ginen eraman beharreko edariak eta bestelakoak kalkulatzen, baina geroago neurria hartu diogula esango nuke. Gaur ere saiatuko gara hurbiltzen diren guztien egarria eta gosea asetzen”, azaldu du Jon Mujikak.

Oñatiko Aiert, Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton “gogotsu eta ilusio handiz” ari dira urtarrilaren 13ko final handia prestatzen, “bestelako emanaldi bat” egiteko; hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte.

Oñatiko Aiert, Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton aukeratu ditu epaimahaiak urtarrilaren 13an Bergarako Seminarixoan jokatuko den final handirako (21:30). Hiru proiektuek “bestelako emanaldi bat” eskainiko dute finalean; hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte, Danbaka musika lehiaketaren bosgarren edizioa berezitu duen aniztasunaren adierazle. Finala nola prestatzen ari diren jakiteko jaso dute GOIENAren deia. Hiru proiektuek hartu dute “sorpresaz” finalera sailkatu izana, eta diote gozatzera igoko direla oholtzara.

Aiert, bakarlari bakarra

Finalerako aukeratua izatea “sekulako sorpresa” izan da Aiert Alberdirentzat, lehiaketako bakarlari bakarrarentzat: “Estiloei eta taldeen osaerari dagokienez dagoen aniztasunagatik ez nuen espero. Maila handia erakutsi dute proposamen guztiek eta, gainera, bakarlari moduan aurkezteak ez dut uste mesederik egingo zidanik…”. Ordu erdi beharrean 45 minutu jotzeko gogotsu dago: “Abesti gehiago jotzeko aukera izango dut, 15 minutu gehiago egon ahalko naiz agertoki gainean”.

Final handira begira “asko” entseatzen ari dela dio: “Asko ari naiz entseatzen, ahalik eta konfiantza handien hartzeko, ahalik eta ondoen eta gusturen egon nadin oholtza gainean. Prestatu dudan hori eskaintzera igoko naiz, buruari buelta askorik eman barik”. Finalean gozatzea da du helburu, ikus-entzulea ahalik eta gehien gozaraztearekin batera: “Sorpresarik ez dut aurreratuko, baina esan dezakedana da ikus-entzulea toki askotara eramaten saiatuko naizela zuzenekoan zehar”. Esker on hitzak ere baditu Alberdik: “Eskerrak eman nahi dizkiet antolakuntzari, epaimahaiari eta publikoaren sarirako botoa eman didatenei. Mila-mila esker, bihotzez”.

Ia izena ez ematetik, finalera

Arragoa taldeko Asier Elorzak ere aitortu du ez zutela inondik inora espero finalean egotea: “Izena emateko asmorik ere ez genuen hasieran, gure musika estiloa aproposa ez zelakoan halako lehiaketa baterako. Sentsazio onekin jo genuen eta kalean oso kritika onak jaso genituen. Oso gustura bukatu genuen, baina finalerako sailkatzearena beste kontu bat da… Ilusio handiz gaude”. Urtarrilaren 13an bestelako emanaldi bat egingo dutela aurreratu du Elorzak: “Ahal dela, ez dugu abestirik errepikatu nahi. Kontzertu berdina ez dugu eroango, behintzat. Hasita gaude prestaketekin, beste ildo bati heltzeko. 45 minutuko erronka gustura hartzen dugu. Aurreko kontzertuari beste buelta bat emango diogula bermatzeko moduan gaude, kontzertua beste maila batera igotzeko saiakera egingo dugula. Berrikuntza interesgarriak egongo dira, ziur!”.

Finalaren prestaketara begira taldekide guztiak elkartzeko arazoekin dabiltza, hori bai. “Bi edo hiru taldekide elkartzea nekeza bada, imajinatu zortzi kide izanda… Elkartzeko arazoekin ari bagara ere, buruan dugun gidoia ondo entseatuta helduko gara finalera”, aurreratu du Elorzak. Eta gonbidapena egin die musikazaleei urtarrilaren 13an Seminarixora joan daitezen: “Ikusleak ez ditugu axolagabe utziko; gure erronka izango da irribarre batekin irten daitezela. Eskerrik asko, Danbaka!”.

The Clayton, norabide berrian

Boskote aramaioarra ere dena ematera irtengo da, taldeko abeslari Jokin Larrañagaren arabera: “Talde asko pasatu dira eta finalistetako bat izatearekin oso pozik gaude. Gainera, bigarren diskoa ari gara prestatzen; Danbakan urriaren 14an eman genuena izan zen gure azken kontzertua. Ez dugu Danbaka jarrera lehiakorretik hartu, baina orain, finalean gaudela, gure eskuetan dagoena egingo dugu oso interesgarria iruditzen zaigun saria irabazteko”. Larrañagak aitortu du bazutela sailkatuak izateko esperantza, baina zail ikusten zutela: “Sekulako aniztasuna egon da, eta epaimahaiak ze irizpide erabiliko zituen ere ez genekien. Baina lortu dugu eta oso pozik gaude”.

Finalean bestelako emanaldi bat egingo dute: “Errepertorioa prestatzen ari gara eta kostatzen ari zaigu kantuak aukeratzea. Estiloan norabide berri bat hartu nahi dugu eta horregatik ez ditugu abesti zahar batzuk jo nahi; amai- tu berri dugun abesti berri bat joko dugu Danbakan estreinakoz”. Amaitzeko, lantaldeari eskerrak eman dizkiote aramaioarrek: “Danbakako lantalde ederra azpimarratu nahiko genuke; bereziki, soinuan, argiztapenean eta bideo grabaketan aritu direnak. Doakiela gure eskerrik beroena, ezinbestekoak izan arren betiko ikusiezinak direlako”.

Finalean, sari nagusia –disko bat grabatzea–, publikoaren saria –bideoklip bat– eta Danbaka-Ekinez saria –2023ko Ekinez jaialdian jotzea– banatuko dira.

 

Egubakoitzean, urtarrilaren 13an izango da Danbaka Musika Lehiaketako 5. edizioko finala. Epaimahaiak hautatuko du hiru finalisten artean irabazlea, eta, publikoak ere berea aukeratu ahalko du. Dagoeneko 2.000 lagundik gora animatu dira botoa ematera, eta, bihar, martitzena, izango da horretarako azken eguna.

Orain arteko botoen banaketa ikusita, badirudi bost talderen artean egongo dela publikoaren irabazlea: Aiert, Sukena, Iluminatizz, Kiimak eta Sindy Berbenas. Hala ere, urtarrilaren 10ean, gauerdian itxiko da botoa emateko orria, eta, urtarrilaren 13ko finalean jakingo da zein talde edo bakarlarik irabazi duen publikoaren saria. Irabazleak bideoklip bat grabatzeko saria lortuko du.

Kristina Markinak, Nerea Loron La Furia-k, Iñigo Ugartek, Julen Narbaizak eta Aitor Aldanondok osatutako epaimahaiak Bergarako Seminarixoa aretotik pasatu diren hogei proposamenak baloratu ditu. Oro har, Danbakak izan dituen “aniztasuna eta kalitate handia” azpimarratu dute.

Lemak

Hiru mutil, alkandora loradunak, lotsa puntua eta arreta handia. Ez zen erraza izan haientzat itzuleran etorri den musika lehiaketa bateko lehen gaueko lehen emanaldia egitea; kontzertuan zehar hazten joan ziren, Cure taldeari egindako bertsio eta guzti. Bertsio hori izan zen abeslariaren karismak gainezka egin zuen unea; gordeta zuela zirudien grina kanporatzean, ikusleak harritu zituen.

Kiimak

Lehiaketan emakumeen presentzia nahi baino urriagoa izan arren, egon direnek eman dute gozatua; horren erakusgai da bikote antzuolar gaztea. Beste hainbat proiektutan bezala, pandemia garaian sortutako taldeari ezagun zaio esperientzia falta; baina gitarraz ederki lagunduta batzuetan, teklatuaz besteetan, eta ahots ederrarekin, ordu erdiko saio txukuna baino txukunagoa egin zuten.

The Clayton

Danbakaren bosgarren edizio honetako zuzeneko onena. Jarrera, teknika eta kantu landuak. Bailaran ohikoak diren distortsio indartsuetatik aldenduta, rock-and-rollaren erraietara jo zuten aramaioarrek. Suitza txikia-n rockaren suak bizirik segitzen du! Hori bai, ikusteko dago finaleko 45 minutuetan kanporaketako ordu erdian erakutsitako tentsioa mantentzeko gai izango diren…

Jasan

Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikari gazteek rock-metal kontzertu indartsua eman zuten; ahotsak ondo konbinatu eta gitarra nagusiaren bakarkakoetan xehetasun teknikoak agerian utzi zituzten. Seminarixora joan zen jendeak kontzertuaz gozatu zuen eta, perkusionisten laguntzarekin, Kalakan taldearen Kantuz abestiaren moldaketa polit batekin amaitu zuten.

Eyharts

Elektronika eta irudiak agertoki baten gainean ezin hobeto dantzan, bikote bergarar honek sortutako ikus-entzunezko proiektu bat eskaintzeko. Alayn Carazok eta Jokin Guridik inprobisaziora irekitako esperientzia bat sortu zuten, non zentzumen guztiak jokoan sartu ziren. Proposamen zinez ezberdina Danbakarako, publikoak oso aintzat hartu zuena.

112

Taulara presiorik gabe eta gozatzera atera ziren eta emanaldi txukuna egin zuten. Punk-rocka gustuarekin egiten dute eta hori horrela denean taula gainean igarri egiten da. Taldeak ibilbide motza du, baina abeslariak, batez ere, presentzia handia eman zion; hasierako aukeraketatik kanpo geratu baziren ere, erakutsi zuten Seminarixoan jotzeko aukera izatea merezi zutela.

Inguma

Gure bailaran hain arrakastatsua izan den oi! musikaren beste ordezkari bat. Indarra eta gogoa borborka dute eta halaxe erakutsi zuten Seminarixoan; abestien konposaketa eta originaltasunean, aldiz, bidea dute aurretik; denbora beharko dute euren soinua eta marka bereizgarria aurkitzeko. Gogotik saiatu ziren publikoarekin konektatzen, eta lortu zuten.

Letagin

Eskarmentu handiko taldea. Onenen artean egoteko aukera handiak izan dituzte, finalera sartzear. Laukote oñatiarrak ez zuen hutsik egin pitzadurarik gabeko eszenaratze batekin, leku askotatik edaten duen rocka praktikan jarrita. Taularatze ikusgarriak publikoarekin konektatu zuen; bosgarren edizioko kontzertu onenenetako bat proposatu zuten.

Aiert

Gizartearen eta lehiaketaren beraren aniztasunaren erakusle, ikusleak gozarazi zituen Aiertek ahots benetan pertsonalarekin. Gitarra lagun, erakutsi zuen badakiela agertokia ziurtasunez eta irmotasunez zapaltzen. Abesti propio gutxi, baina eskaini zituenak hunkigarriak. Ibilbide oparoa aurreikus dakioke; hala ere, bertsioez harago, abesti propioak sortu beharra dauka.

Sukena

Esperientzia faltak eta arazo teknikoek apur bat zapuztu zuten Oñatiko boskotearen emanaldia. Pop melodiak eskaini zituzten, atseginak, eta Nahiaren eta Eiderren ahotsek protagonismo berezia hartu zuten. Pop euskaldunean oinarritutako proposamen interesgarria da oñatiarrena. Kontzertuen bidez lortu ohi den esperientzia baino ez zaie falta, baina lehengaia izan badute.

Balarrasa

Aramaioarrek barrenak hustu eta dena eman zuten Seminarixoan, eta agertokian eroso daudela erakutsi; gitarrari soka bat apurtuta ere, ez zioten jotzeari utzi. Badute ibilbidetxo bat egina, eta hori nabarmen gelditu zen zuzenekoan. Ikusleak xaxatu eta oholtzara gerturarazi zituzten; publikoan giro aparta sortu zuten haien metal doinuek. Oro har, kontzertu indartsua oso.

Broken Legacy

Emanaldi indartsua eta teknikoki landua egin zuten. Kontzertuak jotzetik zetozen, eta hori berehala igarri zen taula gainean. Presentzia, segurtasuna, baina, batez ere, urteetan egindako lana agerian. Metalak dituen kodeak, askotan, ez dira publiko zabalera erraz iristen, baina oñatiarrek muga horiek hautsi eta kalitatezko saio batekin borobildu zuten laugarren gaua.

Ktarsia

Ahots joko ederrak eta melodia finak eskaini zituzten Bergarako hiru neskak. Konpromiso politikoz betetako hitzez osatutako abestiak oinarri hartuta, jarrera handiarekin taularatu ziren. Gazteak izan arren, agerikoa da eskarmentua badutela oholtzaren gainean. Hirukote horren eboluzioa gertutik jarraitzekoa izango da. Danbakarentzat, sorpresa bikaina.

Iluminatizz

Emanaldi interesgarria eta ausarta izan zen aretxabaletarrena. Gazteak izan arren, kultura musikala eta lokalean egindako lana nabari zaie. Jotzen segitzea behar dute, erritmo aldaketak eta ahotsak lantzea. Musikalki definitzen doazen heinean, taldearen identitatea finkatu egingo dute; eta proiektuan sinisten eta lanean jarraitzen badute, taldea hazi egingo da, zalantzarik gabe.

Erromintxelak

Estilo ariketa bikaina izan zen, gipsy jazz doinu berezietan barrena. Teknikoki apartak eta eskarmentu handiko musikariak dira arrasatearrak, inprobisaziorako gaitasun handiarekin. Hori bai, ahotsaren arloa apur bat hotz geratu zitzaien. Taberna giroan gozatzeko proposamen ederra da, zerbeza eskuan. Ziur aurrerantzean ere izango dutela aukera euren musika plazaratzeko.

Etxepe

Musika urbanoak izan duen proposamen bakarra, eta hogei emanaldietatik publikoa gehien mugiarazi duena. Gaur egungo gazteen –eta ez hain gazteen– barruan mugitzen denaren erakusgarri. Esanguratsua. Konplexurik gabeko emanaldia egin zuten. Oso markatuak dituzten erreferenteetatik edaten dute; zuzenean jotzeko aukerak izango dituzte, hazteko, eta zeresana emango dute.

Arragoa

Bi familia, bi belaunaldi eta musika letra larriz idatzita. Kalitatea, prisma guztietatik begiratuta, eta heltzeko gaitasuna. Hori guztia Arragoa definitzeko, folk abestien errepertorioa bikain aukeratu eta ezin hobeto gauzatu ostean. Gorputz handiko eta arima sakoneko emanaldia izan zen; dantzari eta guzti izan ziren, bertaratutakoen gozamenerako.

Islabat

Bergarako eta Elgoibarko proposamenak lehen notetatik eragin zizkion oroitzapenak epaimahaiari. Oso berezia eta pertsonala den ahotsa, aukera asko ematen dituena; frontman-a makuluarekin igo zen oholtzara eta dena eman zuen ordu erdian. Beste gitarrarekin osatutako koruak politak izan ziren; talde moduan badute zer findu, oraindik badute-eta ibilbidea.

Orhi

Beti da gustagarria detaileak asko zaintzen dituzten proiektuez gozatu ahal izatea; hitzak mimatzen eta emakumeak buru dituzten taldeak badira, hobeto. Arazo teknikoak izan zituzten arren, kalitatea badutela erakutsi zuten; betiere, talentu handiko frontwoman indartsu baten gidaritzapean. Izan ere, taldeko buru den abeslariak aparteko lana egin zuen kantuan.

Sindy Berbenas

Arrasateko punk-oi! –eta baita metal doinuak ere azkenaldian– talde beteranoak asko gozatu eta gozarazi zuen zuzenekoan. Estiloari men eginez, gelditu gabe aritu ziren doinu indartsuak eta hitz zuzenak eskainiz, eta ikusleak mugiarazi zituzten. Urteetako ibilbideak kimika handia sortu du taldekideen artean, eta hori ederki geratu zen islatuta Seminarixoan.

Arragoa, Islabat, Orhi eta Sindy Berbenas taldeak igo ziren Bergarako Seminarixoko oholtzara pasa den egubakoitzean, hilaren 16an, Danbaka musika lehiaketan. Chill-out gunea, berriz, LP Woman DJak girotu zuen, Lara Pemanek, eta beraz, askotariko estiloak izan ziren entzungai. Bosgarren gauak berea eman zuen, eta finalera begira jartzeko unea da orain.

Atzo, egubakoitza, Danbaka musika lehiaketako azken lau taldeak igo ziren Seminarixoko agertokira: Arragoa, Islabat, Orhi eta Sindy Berbenas.

Danbaka musika lehiaketan parte hartuko duten talde guztiak igaro dira dagoeneko Seminarixoko agertokitik. Atzo, egubakoitza, azken lau taldeen txanda izan zen, hain zuzen ere. Lehenak, Bergarako bi familiak osatzen duten Arragoa taldeko kideak izan ziren, euren folk doinu lasaiekin. Ondoren, Elgoibarko eta Bergarako musikariez osaturiko Islabat taldearen txanda izan zen, rock ezohiko kutsua duten abestiekin.

Hirugarrenak Orhi taldeko kideak izan ziren. Bergarako eta Azpeitiko musikariak batzen dituen taldeak, erritmo biziak eta lasaiagoak uztartu zituzten. Azkena oholtzan, Arrasateko Sindy Berbenas taldea euren punk-oi! proposamenarekin izan zen.

Chill out gunean, Seminarixoko atarian, Astigarragako Lara Peman (DJ LP Woman) aritu zen musika jartzen. Seminarixoko giroa ere apurka berotzen joan zen, taldeak igaro ahala, eta Sindy Berbenasen emanaldian jo zuen gailurra.

Argazki galeria ikusteko egin klik hemen.

 

Musika lehiaketaren sailkapen fasea iritsi da amaierara. Bosgarren emanaldia eskainiko dute bihar, abenduak 16, Bergarako Arragoa, Islabat eta Orhi taldeek eta Arrasateko Sindy Berbenas boskoteak. Oraingoan ere estilo askok egingo dute bat Seminarixoko oholtzan, 21:30ean hasita.

Danbaka musika lehiaketa azken txanpara iristen ari da. Izan ere, joan den egubakoitzean laugarren kontzertu gaua izan zen. Askotariko estiloak izan ziren entzungai, eta ikus-entzuleek asko gozatu zuten, bertan izan ziren musikariek bezala. Oholtza gainean, Ktarsia, Iluminatizz, Erromintxelak eta Etxepe izan ziren protagonistak, eta chill out gunean, berriz, Ion Arteaga Buda musika elektronikoa eskaintzen.

Danbaka musika lehiaketaren laugarren emanaldiak Seminarixoko oholtzan elkartuko ditu Bergarako Ktarsia, Aretxabaletako Iluminatizz eta Arrasateko Erromintxelak eta Etxepe taldeak. Azaroaren 25ean izango da, 21:30ean, eta chill out gunea Buda bergararrak girotuko du.

 

Oñatiko Aiert bakarlaria eta Sukena eta Broken Legacy taldeak eta Aramaioko Balarrasa laukotea igo ziren egubakoitzean Seminarixoko oholtzara, eta dena eman zuten guztiek, nork bere estiloari leial. Abesti goxoekin hasi emanaldiari eta indartsuekin eman zitzaion bukaera, guztien zaleak aseta geratuz.